Ekonomia -

Ustelkeria

Sei urteko zigorra eskatu dute Victor Bravo EAJko senatari ohiarentzat, iruzurragatik

Victor Bravo EAJko senatari eta Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari ohia irailean epaituko dute, delitu fiskalak egitea egotzita.

Victor Bravo EAJko senatari ohia. Artxiboko argazkia: EAJ
Victor Bravo EAJko senatari ohia.
Victor Bravo EAJko senatari ohia. Artxiboko argazkia: EAJ

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak sei urteko kartzela-zigorra eskatu du Victor Bravo EAJko senatari eta Gipuzkoako Foru Ogasuneko zuzendari ohiarentzat, 2003an, 2004an eta 2006an Ogasunaren aurkako delituak egin izana egotzita.

Glass Costa Este Salou sozietatearen auziaren baitan epaituko dute Victor Bravo datorren irailean Donostiako Zigor Auzitegian. Akusatuen eserlekuan sozietate horretako administratzailea ere eseriko da. Harentzat ere sei urteko espetxealdia galdegin du Fiskaltzak.

Horrez gain, 1,4 milioi euroko kalte-ordainak ordaintzea eskatu du Fiskaltzak.

Estatuaren abokatuak –akusazio partikular gisa aurkeztu da Zerga Agentziaren izenean-, berriz, bederatzi urteko kartzela-zigorra eskatu du auzipetuentzat. Halaber, 1,8 milioi euroko kalte-ordainak ordaintzea galdegin du.

Fiskaltzaren arabera, Bravok eta Glass Costa Este Salou sozietatearen administratzaileak plan bat prestatu zuten Tarragonako enpresa horri Gipuzkoako sozietateen gaineko zerga ezartzeko, Estatukoa aplikatu beharrean. Gipuzkoako zerga sistemak onura gehiago eskaintzen zizkion, baina horretarako ezinbestekoa zen konpainia Gipuzkoan egotea.

Hirugarren auzipetuaren laguntzarekin, bi auzipetuek estrategia bat diseinatu zuten sozietate horren egoitza fiskala eta administratzailea Gipuzkoan zeudela frogatzeko.

Fiskalak azpimarratu duenez, Bravok oso ondo ezagutzen zuen lurralde horretan aplikatu beharreko zerga araudia zein zen eta, ondorioz, bazekien iruzurra nola gauzatu zitekeen.  

Horrela, Tarragonako sozietatearen egoitza Donostian, hirugarren auzipetuaren bulegoan, zegoela esan zuten. Administratzaileak, berriz, Bravoren etxeetako bat berea zela adierazi zuen.

Iruzurra gauzatuta, enpresa horri Gipuzkoako sozietateen gaineko zerga aplikatu zioten eta hainbat onura ekonomiko lortu zituen, Fiskaltzaren arabera.

Victor Bravok, ostera, ukatu egin ditu akusazio guztiak. EAJko senatari ohiaren defentsak bere idatzian dioenez, Glass Costa Este Salou sozietatea Gipuzkoako kapitalarekin eratu zen, egoitza fiskala zuzen egin zen eta Bravok inoiz ez zuen parte hartu enpresa horren Administrazio Kontseiluan.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Delituak Ekonomia Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak