Ekonomia -
14 greba-egun, uda honetan
Datorren astelehenean hasiko dituzte greba-egunak Bilboko aireportuan
Grebak aireportuko seinaleei, operazioei, bezeroaren arretari eta suhiltzaileei eragingo die. Guztira, 142 langileri.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko aireportuko langileek datorren uztailaren 1ean hasiko dituzte langile-batzordeak deitutako lanuzte-egunak. Guztira, 14 greba-egun izango dira.
Uztailaren 1ean hasi eta 7an, 14an, 15ean (18:00etatik 00:00etara), 21ean, 24an (18:00etatik 00:00etara), 25ean, 28an eta 31n, egingo dituzte 24 orduko lanuzteak; abuztuan, berriz, 1ean (18:00etatik 00:00etara), 4an, 11n, 14an (18:00etatik 00:00etara), 15ean, 18an, 25ean eta 31n; azkenik, irailaren 1ean, langileek 24 orduko greba izango dute.
Loiuko aireportuan, 142 langile zuzen daude, eta lan hauek daude horien esku: seinaleak, operazioak, bezeroaren arreta eta suhiltzaileak. AENA estatu-mailako enpresaren mendean daude.
Grebak ez die aire-kontrolatzaileei eragingo (Enaireren mendekoak dira), ezta enpresa azpikontratatuetan lan egiten duten langileei ere.
Lantaldea handitzea, eta aurreko akordioak
Langile-batzordeak azaldu duenez, 2016tik hona lantaldea handitu beharko litzatekeela adierazi dio zuzendaritzari, bidaiarien gorakadak sortutako lan-kargari aurre egin ahal izateko.
Halaber, batzordearen iritziz, ez dira bete prestakuntzari buruz aurretik adostutako akordio batzuk, eta ezinezkoa egin da lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko plana adostea. Gainera, Loiuko aireportu-kudeaketaren eredua negoziatzea galdegin du.
Mobilizazioaren berri izan duenean, aireportuko zuzendaritzak oharra zabaldu du, eta, bertan adierazi duenez, "ez dago justifikaziorik greba hau deitzeko".
Zuzendaritzaren iritziz, lanuzteak deitzeko arrazoiak "lan-zentro horren arlotik harago doaz, kontuan izanik gaia zein den, bai eta zein organo dagoen legitimatuta negoziatzeko ere; hortaz, tokiko negoziazioari baiezkoa emateak eragina eta ondorioak izango lituzke estatu-mailan".
Ildo horretan, zuzendaritzaren hitzetan, greba-deialdian islatuta dauden hainbat gai "egungo hitzarmen kolektiboan araututa daude, eta edozein aldaketak estatu-mailako negoziazioa beharko luke".
Organizazioaren eta enpresako zuzendaritzaren eskuduntzak
Bestalde, zuzendaritzaren arabera, lan-mailako proposamen batzuek ez dute bat egiten duela hilabete batzuk Estatuko Koordinakunde Sindikalarekin adostutakoarekin: "organizazioaren eta enpresako zuzendaritzaren eskuduntzak dira".
Bilboko aireportuaren kudeaketa-eredua negoziatzeko eskariari dagokionez, zuzendaritzak erantzun du arlo hori ez dagoela sindikatuekin negoziatzen diren gaien artean.