Ekonomia -
Trumpen muga-zergak
Jaurlaritzak ardoaren sektorea indartzeko bi milioi euroko programa aurkeztu du
Jaurlaritzak eta upategiek merkatu alternatiboak bilatuko dituzte AEBko zerga-mugengatik hango salmentak murrizten badira galerari aurre egiteko.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak upategiak babesteko estrategia indartuko du Donald Trump AEBko presidenteak iragarritako zerga-mugei aurre egiteko asmoz. 'Ardoa inbertsioak' izeneko programaren sorkuntza dago neurrien artean, bi milioi urteko aurrekontua duen egitasmoa.
Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburua upategien eta mahats ekoizleen ordezkariekin elkartu da gaur Gasteizen, AEBko Gobernuaren zergek sortu duten ezinegonaren aurrean neurriak adosteko.
Tapiak eta sektoreko ordezkariek bat egin dute AEBko merkatua, mehatxuak mehatxu, ezin dutela utzi, bertan saltzen duten ardo eta txakolin kopurua handia delako.
Hori dela eta, Jaurlaritzak eta sektoreko eragileek AEBn produktuak sustatzeko estrategiak indartzeko konpromisoa hartu dute, baina merkatu alternatiboak bilatzen jarraitzen, zerga-mugengatik gutxiago saltzen hasten badira ere.
Ardoa, Basque Wine Office
Tapiak jakinarazi duenez, Jaurlaritzak lan erritmoa bizitu du 'Ardoa, Basque Wine Office' ardoen sektorearen bikaintasunerako bulegoa lehenbailehen martxan jartzeko.
Arabar Errioxako eta hiru txakolin izendapenetako upategiak Estatu eta nazioarte mailan jorratzen ari diren estrategia indartzeaz arduratuko da erakunde hori.