Ekonomia -
Erabakia
'Opor fiskalen' inguruko erabakia hartuko du gaur EBko Auzitegiak
1993an eta 1994an enpresek izandako zerga-salbuespenari buruz erabakiko du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak.
Erredakzioa
''Opor fiskalak'', 90eko hamarkadan Euskadin emandako diru-laguntzak, legez kanpokoak diren erabakiko du gaur Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak. Europako Batzordeak legez kanpokoak zirela erabaki zuen dagoeneko, eta berreskuratu behar zirela erantsi zuen.
Bruselak legez kanpokotzat jo zituen. Hiru neurrietako batek jasoko du EBko Auzitegiaren ebazpena: 1993an eta 1994an euskal enpresek izandako zerga-salbuespena.
Gainerako bi neurrien (aktibo finkoetan egindako inbertsioetan zerga kredituaren % 45 eta 1995ean aplikatutako sozietateen gaineko zergaren murrizketa) inguruko epaia argitaratzeko data ez dute zehaztu oraindik.
Erabakiak prozedura judizial luze bati amaiera emango dio, izan ere, auzitegi horren sententziaren aurka ezin daiteke helegiterik aurkeztu.
Lehen Auzialdiko Auzitegiak diru-laguntzak legez kanpokoak zirela erabaki zuen, baina EAEko aldundiek errekurtsoa aurkeztu zuten.
Isuna
Aldi berean, Espainiari isuna ezartzea eskatu zion Justizia Auzitegiari Europako Batzordeak, diru-laguntza guztiak ez berreskuratzeagatik, 2001ean agindu bezala.
Neurri horren inguruan gaur erabakiko dute Luxenburgoko epaileek eta beste bi paketeen inguruan datozen hilabeteetan igorriko dute epaia. Orduan euskal erakundeek laguntzak berreskuratzeko agindua eman beharko duten argi geratuko da.