Ekonomia -

Lan-gatazka

Itunpeko ikastetxeetako sindikatuak eta patronalak egunero bilduko dira

Lan Harremanen Kontseiluko bideratzaileak lagunduta, hiru aldeek negoziaziorako egutegia adostu dute, greba deialdia bertan behea uzteko eta lan-gatazkari konponbidea emateko asmoz.

Astelehenean alde guztiek Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan egindako bilera. Argazkia: EFE
Bilera, atzo, Lan Harremanen Kontseiluan
Astelehenean alde guztiek Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan egindako bilera. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilera egin dute gaur goizean itunpeko irakaskuntzaren gatazkan nahasita dauden hiru aldeek —sindikatuak, patronala eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila—. Oraingoan, baina, Iñaki Varas Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) bideratzailearen laguntza izan dute, eta negoziazio prozesurako egutegia adosteko gai izan dira.

ELA, Steilas, LAB eta CCOO sindikatuek hilabeteko greba deitu dute, azaroaren 7an hasita. Ordura arte egunero bilduko dira hiru aldeak, greba saihesteko eta gatazkari irtenbidea emateko asmoz.

Bihar, bideratzaileak aldebiko bilerak egingo ditu sindikatuekin eta patronalekin. Alabaina, hurrengo batzarretan hiru aldeak elkarrekin izango dira.

Varasek elkarrizketa prozesuan eztabaidatzen diren gaien harira diskrezioz aritzea eskatu die aldeei.

Atzo, hiru ordu pasatxoko bileraren ostean, akordioa lortu zuten hiru aldeek. Gatazkarako "ad hoc" elkarrizketa-prozedura bat onartu zuten, Euskal Hezkuntza Saila barne hartuko duena.

Miren Zubizarreta (ELA) gurasoekin hitz egiten.

Miren Zubizarreta (ELA), gurasoekin hitz egiten. Argazkia: EFE)

Gurasoen Elkarteek, sindikatuei: "Ez utzi negoziazioari antzerkia izaten"

Gurasoek elkarretaratzea egin zuten atzo LHKren egoitzaren aurrean. Nabarmendu zutenez, Hezkuntza Saila "lehen aldiz eseri da" sindikatuekin eta patronalarekin: "Bilera horrek inflexio-puntua izan behar du, gatazkari irtenbidea emateko; ezin da hamar urteko negoziazioaren buruan akordiorik ez egon. Eskatzen dizuegu ez uzteko honi antzerkia izaten, ez irteteko eta 5 minutura sartu, mesedez", esan zieten sindikatuei bilera hasi baino lehen.

Ikasleen gurasoek azaldu zutenez, "seme-alaben hezkuntzaren defentsan" ari dira. "Eskubide konstituzionala da, eta hura urratzen ari dira. Ez dugu inoiz onartuko gure seme-alabak trukerako txanpona izatea lan-gatazka bati irtenbidea emateko", ohartarazi zuten.

Gurasoen esanetan, "hemen, gure seme-alabak dira kaltetu bakarrak. Eskola-ordu asko ari dira galtzen, eta hilabeteko greba dute aurrean; horrek eskola-galerak ekarriko lituzke, bai eta ikasgaietan atzerapenak ere".

"Etapa guztietan da oso kaltegarria: Haur Hezkuntzako umeentzat oso tristea da egunero irakasle desberdin bat izatea; Lehen Hezkuntzako umeentzako berdin, ezagutzak finkatzen ari baitira; eta Batxilergokoek notak behar dituzte, Unibertsitatera sartzeko, eta hori galarazten ari zaie", deitoratu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO Steilas Lan gatazkak