Ekonomia -

'E.coli' bakterioaren krisia

Nekazariak laguntzeko 210 milioi euroko diru-laguntza onartu du EBk

Espainiak eta beste herrialde batzuek kontrako botoa eman dute, baina EBko kudeaketa batzordeak fondo berezia onartu du. Nekazariek izandako galeren % 50 estaliko ditu laguntzak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''E.coli'' bakterioaren krisiak fruta eta barazki ekoizleei eragindako galerak estaltzeko 210 milioi euroko diu-laguntza onartu du Europar Batasunak (EB).

Espainiak eta beste herrialde batzuek kontrako botoa eman dute, baina EBko kudeaketa batzordeak fondo berezia onartu du gaur, Eduardo Tamarit Nekazaritza idazkari nagusiak jakitera eman duenez.

"Neurriek ez gaituzte asebetetzen", azaldu du Tamaritek Bruselan egindako bilera amaitu ostean. Horrela, Dacian Ciolos Nekazaritza komisarioak egindako proposamena aurrera atera da.

Tamariten hitzetan, Espainiak neurriak arbuiatu ditu nahikoak ez direlako eta barazki "sektore osoaren galerak ez" dituelako kontuan hartzen. Espainiako nekazariek galerak jasan dituzte, "nahiz eta inolako erantzukizunik ez izan", erantsi du.

Proposamena blokeatzeko boto nahikorik ez du lortu Espainiak eta Batzordeak eskumena du orain formalki laguntzak martxan jartzeko. Hori "datozen egunetan" gertatuko da, EBko iturrien arabera.

Bost barazki

Nekazariek izandako galeren % 50 estaliko ditu laguntzak. Krisiaren ondorioz pepinoak, tomateak, letxugak, piperrak eta kalabazinak merkatutik kendu behar izan zituzten eta ekoizleek galera handiak nozitu zituzten.

Gainera, Bruselaren proposamenak bost barazki horien ekoizleei mugatzen dizkie laguntzak, produktu kaltetuenak izan direlako.

Bestalde, Behe Saxoniako estatu federatu bateko (Alemaniako iparraldea) bi urteko ume bat hil da, E. coli bakterioak jota. Infekzio honek eragin dituen 37. biktima da umea. Alemanian ikerkuntzak egiten dabilen Robert Koch Institutuak baieztatu duenez, 20 urteko gazte bat zen, orain arte, hildakorik gazteena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea