Ekonomia -

2020rako aurrekontuak

Azpiazuk 'aldaketak' onartuko ditu aurrekontuetan, baina 'errealistak' badira soilik

Ogasun sailburuak "erantzukizuna" eskatu die EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP alderdiei.

Azpiazu, Legebiltzarreko Ogasun batzordean. Argazkia: EFE
Azpiazu, Legebiltzarreko Ogasun batzordean.
Azpiazu, Legebiltzarreko Ogasun batzordean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak "erantzukizuna" eskatu die oposizioko alderdiei 2020erako aurrekontuen inguruan akordio bat lortzeko, eta esan du "aldaketak" onartuko lituzkeela "errealistak" diren heinean.

Sailburuak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordean. Azpiazuren ondotik, gainerako sailburuak azalduko dira batzordean, euren sailetako partidak xehe azaltzeko. Gaurtik hasita, oposizioko taldeen babesa biltzen saiatuko da Ogasun sailburua.

2020rako EAEko aurrekontuen proiektuaren ildo nagusiak azaldu ditu Azpiazuk. Guztira, 11.774 milioi euroko poltsa izango da,  eta 2019an baino % 2,9 (301 milioi euro) gehiago bideratuko ditu politika publikoetara.

Gehiengo absolututik eserleku batera dago EAJk eta PSE-EEk osatzen duten koalizio gobernua. Hala, oposizioko talderen baten abstentzioa edota aldeko botoa beharko luke aurrekontuak aurrera ateratzeko.

Ildo horretatik, Azpiazuk "erantzukizuna" eskatu die oposizioko taldeei. "EAEko herritarrentzat positiboak diren aurrekontu hauek aurrera ateratzeko ahalik eta akordio zabalena behar dugu", erantsi du.

Azpiazuren esanetan, euskal gizarteak adostasunetara heltzeko "eskatu" die alderdiei. "Euskadik egonkortasun politiko eta ekonomikoaren eredu izaten jarraitu behar du", adierazi du.

Aurrekontu kontinuista, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailarentzat

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, 2020an, 121 milioi euroko aurrekontu kontinuista izango du. Kopuru horretako % 96, ia 116 milioi euro, "Gobernantza Publikoa"ren arlora bideratuko da; gainerakoa, % 4, 5 milioi euro inguru, aholkularitza juridikoa, autogobernuaren defentsa eta Eusko Jaurlaritzaren interesetarako epaiketako laguntza finantzatzeko baliatuko da.

I. kapitulua kontuan hartu gabe, langile publikoen ordainsarien gastuei buruzkoa, Sailak duen aurrekontu garbia 90 milioi euro ingurukoa da, aurreko ekitaldiaren oso antzera.

Eusko Jaurlaritzak ohar batean zehaztu duenez, nobedade nagusiak partida egonkorrak eta berezkoak sortzean zentratzen dira, ikerketa eta adimen artifizialdun proba pilotuak sustatzeko, Eusko Jaurlaritzaren BigData plataforma garatzeko eta zibererasoetatik babesteko aplikazioen segurtasunean inbertitzeko

Sailaren aurrekontua lehentasunezko ekintzako 5 arlotan banatuko da: berrikuntza publikoa eta e-administraziorako ia 59 milioi euro erabiliko dute, eskuragarri dagoen aurrekontuaren guztizkoaren ia erdia; Euskal Administrazio Publikoaren azpiegituren mantentze-lana eta modernizazioan 30,5 milioi euro erabiliko dituzte, aurrekontuaren % 25; Euskadiko langile funtzionarioen prestakuntzarako, hautaketarako eta plazak betetzeko, 23 milioi euro baino pixka bat gehiago baliatuko dituzte, % 19; Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoetan eta datuen babesean, ia 5,5 milioi euro, guztizkoaren % 5; eta erakunde-harremanetan, aurrekontuaren guztizkoaren % 2, 3 milioi euro, erakunde-harremanak babestea xede.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Ekonomia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EAEko Aurrekontuak