Ekonomia -

2020ko Aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzak 102,5 milioi zuzenduko dizkie bekei eta ikasketarako laguntzei

Jaurlaritzako sailburuek aurrekontuaren ildo nagusiak azaldu dituzte. Nolanahi ere, ez dago ziurtatuta egitasmoak aurrera egitea, EAJ eta PSE-EE gutxiengoan ari direlako gobernatzen.

Ikastetxe baten artxiboko irudia. ETBko bideo batetik hartutako argazkia.
Ikastetxe baten artxiboko irudia.
Ikastetxe baten artxiboko irudia. ETBko bideo batetik hartutako argazkia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 102,5 milioi zuzenduko dizkie bekei eta ikasketarako laguntzei 2020an, hurrengo egunerako prestatu dituen Aurrekontuen barnean, Cristina Uriarte sailburuak jakitera eman duenez. Guztira, Hezkuntzarako aurrekontua 2.919,2 milioi eurokoa izango da.

Sailburuek 2020ko Aurrekontuaren ildo nagusiak azaldu dituzte astearte honetan Legebiltzarrean izan diren batzordeetan. EAJ eta PSE-EE gutxiengoan gobernatzen ari dira, eta, beraz, ez dago ziurtatuta proiektuak aurrera egitea. Iaz, adibidez, ez zuten babes nahikoa lortu, eta 2018ko Aurrekontua luzatu behar izan zuen Iñigo Urkullu lehendakariak.

Aipatutako 102,5 milioi horietatik, 57 daude jasota unibertsitatez kanpoko beketarako (garraioa, jantokia, materialak edo egoitza, besteak beste); kopuru hori, baina, handitu egingo da, baldintzak betetzen dituzten familia guztiek dagokien beka jaso dezaten, Hezkuntza Sailak zehaztu duenez.

Hezkuntza Sailak, erabaki horrekin, "azken 30 urteetan eraikitako beka-sistema zaintzeko erabakia berresten du"; nolanahi ere, deitoratzen du "Espainiako Gobernuaren interes zentralizatzaile eta homogeneizatzailea", bai eta "berriki emandako epai" batzuk ere.

Unibertsitate-beken barruan, Cristina Uriartek zuzendutako Sailak nabarmentzen du "ikasleen nazioarteko mugikortasunerako partida % 15,6 igo dela"; halaber, IkasIker programari zuzendutako partidak ere gora egin du, % 9; Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleek bikaintasuneko ikerketa-taldeetan parte hartu ahal izatea sustatzen du azken programa horrek.

"Aurten ere, Sailaren politika nagusietako bat ekitatearen eta aukera-berdintasunaren defentsa da. Ikasketetarako bekek eta laguntzek bermatzen dute Euskadiko familia guztiek hezkuntza-prestakuntza ezin hobea jaso ahal izatea, sistemak eskaintzen dituen berme guztiekin", dio Hezkuntzak, ohar batean.

Bestalde, Hezkuntza Sailak Haurreskolen Partzuergora zuzendutako aurrekontu-saila handitzea aurreikusi du. 47,5 milioi eurokoa izango da 2020an.

Halaber, 18.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten familietako seme-alabentzat doakoa izango da haurreskola.

Horrez gain, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ondoko helburuak aipatu ditu: hezkuntzarako sarbidea bermatzea, jaiotza-tasak gora egitea lortzea eta lana eta familia kontziliatzeko neurriak indartzea.

Haurreskola pribatuetara 26,5 milioi euro bideratuko dituztela ere jakinarazi du.  

Berdintasun politikak sustatzeko, berriz, 72 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo dutela esan du.

24 milioi, etxebizitzak eraberritzeko

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak gaur jakinarazi duenez, datorren urtean 24 milioi euro bideratuko dituzte etxebizitzak eraberritzeko, eta horrek 350 milioi euroko inbertsio pribatua ekar dezakeela uste dute. Helburua 10.700 etxebizitza eraberritzea da.

Arriolaren Sailak 236,1 milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino % 5,7 gehiago. Horren zatirik handiena (150,9 milioi euro) Etxebizitzara bideratuko dute. Alokabide eta Visesa sozietate publikoen aurrekontuak aintzat hartuta, zenbateko hori guztira 304,3 milioi eurokoa izango da.  

Aurrekontuaren % 67 alokairura bideratuko dute, eta % 24, etxeak eraberritzera.

Osasunean, 1.800 euro pertsonako

Bestalde, Osasun Sailak herritar bakoitzeko 1.801 euro izango ditu datorren urtean. Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa dira, hain justu ere, osasun arloan gehien inbertitzen duten autonomiak Estatuan.

Nekane Murga sailburuak azaldu duenez, Osasun Sailak 3.941 milioi euroko aurrekontua izango du 2020an, aurten baino % 3,7 gehiago.   

Osakidetzara 2.998,6 milioi euro bideratuko dituzte, 124 milioi gehiago, aurtengo aurrekontuarekin alderatuz gero. Zenbateko horren % 68,1 lantaldeari zuzenduta egongo da.

Horrez gain, 67,7 milioi euro erabiliko dituzte azpiegitura eta ekipamendu berriak erosteko eta instalazioak eraberritzeko.

Lehen Arretara bideratutako inbertsioa, berriz, 21 milioi eurokoa izango da. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak