Ekonomia -
Akordioa
Bizkaiko metalaren lan hitzarmena sinatu dute CCOOk, UGTk, LABek eta FVEMek
Lan hitzarmenak, besteak beste, langileen soldatak igotzea ekarriko du, subrogazioa bermatuko du eta aldi baterako kontratazioari mugak jarriko dizkio.
Agentziak | Erredakzioa
CCOO, LAB eta UGT sindikatuek 2021era arteko lan-hitzarmena sinatu dute Bizkaiko metalgintzako patronalarekin. ELAk ez du ituna babestu eta astearte honetan agerraldia egingo du bere arrazoiak azaltzeko.
LABek ohar batean zehaztu duenez, joan den azaroaren 26an FVEM patronalarekin egindako akordioa ofizialki berretsita geratu da, eta datozen egunetan lan-hitzarmeneko testu juridikoak eguneratu eta berba sexistak zuzenduko dituzte.
"Bizkaiko Metaleko hitzarmena hilda zegoen eta berreskuratu egin dugu; akordio historikoa da", azpimarratu du sindikatu abertzaleak.
Hitzarmenari esker, langileen soldatak igoko dituzte eta, ondorioz, 2012tik galdutako eros-ahalmena berreskuratuko dute. "Langile askok oraindik 2003ko ordainsariak jasotzen dituzte. Taula horietan, gutxiengo soldata 13.403 eurokoa da. Bada, orain 5.012 euro gehiago jasoko dute", nabarmendu du LABek.
Lehen aldiz, subrogazioa ere jaso dute hitzarmenean. Beraz, azpikontratetako langileek subrogazioa bermatuta izango dute. "Azpikontratatutako beharginek lanpostua aseguratuta izango dute, orain arte ez bezala; lorpen handia hori; gainera, enpresetako hitzarmenetan ezingo da subrogazioa negoziatu", erantsi du.
Horrez gain, behin-behinekotasunari eta Aldi Baterako Lan Enpresen bidez egindako kontratazioei lehen aldiz mugak jarri dizkiotela azaldu du LABek.
Laneko osasunaren nahiz emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean ere urrats garrantzitsuak eman dituztela azpimarratu du.
Amaitzeko, ultraktibitate mugagabea eta lan-erreformaren aurrean blindatzea lortu dutela nabarmendu du sindikatu abertzaleak bere oharrean.