Ekonomia -

Ekoizpen aurreikuspena

Gasteizko Mercedes lantegiak 152.000 ibilgailu egingo ditu 2020an

Ekoizpena hazi egingo da, horrenbestez. Duela aste batzuk bestelako informazioa zabaldu zen: Daimlerrek kaleratzeak aurreikusi zituela Gasteizko lantegian.

Gasteizko Mercedesen lantegia. Argazkia: EFE
Gasteizko Mercedesen lantegia.
Gasteizko Mercedesen lantegia. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Mercedes Benz lantegiaren ekoizpena igo egingo da 2020an, eta 152.000 ibilgailu fabrikatuko dituztela aurreikusi dute. Aurten baino gehiago ekoitziko dituzte (143.700 ibilgailu egingo dituzte 2019an), baina 2020erako aurrez iragarrita zegoena baino 2.000 gutxiago.

Zuzendaritzak atzo jakinarazi zion kopurua enpresa batzordeari. Zehaztu zionez, baliteke kopurua zertxobait handitzea, betiere eskariaren arabera.

Eskariaren garrantzia azpimarratu du Igor Guevara enpresa batzordeko presidenteak. Izan ere, 800 furgoneta egiteko eskaria izan dute berriki, eta horri esker ez dute ekoizpena eten behar izan abenduan.

Langileen ordezkariak uste du ekoizpena 150.000 ibilgailuren inguruan egotea "positiboa" dela, bai enpresaren etekinentzat zein langileentzat.

Oso bestelako informazioa zabaldu zen duela bi aste. Daimler autogintza konpainiak kaleratzeak iragarri zituen, pertsonal kostuetan 100 milioi aurrezteko asmoz. Multinazionalak orduko hartan nabarmendu zuenez, zuzendaritzan eta ekoizpenetik kanpo dauden zeharkako arloetan egin nahi dituzte murrizketak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mercedes Benz Industria sektorea Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan