Ekonomia -
Iragarpena
Daimlerrek kaleratzeak aurreikusi ditu Gasteizko Mercedes lantegian
Alemaniako autogintza enpresak ez du zehaztu zenbat izango diren, baina bai zuzendaritzari eta ekoizpenetik kanpo dauden zeharkako arloei eragingo diela.
Agentziak | Erredakzioa
Mercedes-Benzek 100 milioi euro murriztu nahi ditu bere pertsonal-kostuak furgoneten sailean. Iragarritako kaleratze horiek Gasteizko lantegiari ere eragingo diote, horrenbestez. Daimler Alemaniako autogintza enpresak ez du zehaztu zenbat kaleratze egingo dituen.
Autoen salmenten beherakadari aurre egiteko, 2022rako pertsonal-kostuetan 1.000 milioi euro aurrezteko helburua jarri dio Mercedes-Benzek.
Helburu hori betetzeko, kaleratzeak egingo ditu zuzendaritzan eta ekoizpenetik kanpo dauden zeharkako arloetan. Murrizketok sindikatuekin negoziatzen ari dela zehaztu du.
Furgoneten sailean material-kostuak ere txikituko dituela iragarri du Mercedesek.
Daimlerren enpresa batzordeak joan den astean salatu zuenez, zuzendaritzak 1.100 lanpostu suntsitu nahi ditu mundu osoan.
Autogintza sektorearen krisiak bete-betean harrapatu du Daimler. 2019ko lehen hiruhilekoan % 54 egin dute behera konpaiaren irabaziak (2.720 milioi euroraino). Furgoneten sailari dagokionez, 2.035 milioi euroko galerak izan dira urteko lehen hiru hilabeteetan.