Ekonomia -

Aldundiak

Arabak eta Bizkaiak urtarrilaren 1ean hartuko dute AP-68aren titulartasuna

Eusko Jaurlaritzak transferentzien batzorde mistoetan formalizatu du autobidearen eskualdaketa. 1,9 milioiko kostua izango du urtero.

Transferentzia horrekin errepideen foru mapa osatuko da. Argazkia: Wikimedia Commons
AP-68 autobidea
Transferentzia horrekin errepideen foru mapa osatuko da. Argazkia: Wikimedia Commons

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak asteazken honetan formalizatu du AP-68 autobideko 77,5 kilometroko titulartasuna Bizkaiko (22,3 kilometro) eta Arabako (55,2 kilometro) aldundien esku uztea, eta, horrenbestez, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, Bizkaiko eta Arabako aldundiek hartuko dute horren ardura. Eskualdaketak 1,9 milioi euroko kostua izango du urtero.

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek batzorde mistoak osatu dituzte gaur goizean, Lakuan, AP-68 autobideko Bilbo udalerriaren eta Euskadik Burgos probintziarekin bat egiten duen tokiaren arteko zatia lurralde historikoen esku uzteko.

Horrenbestez, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, EAE zeharkatzen duten errepide guztiak izango dira euskal titulartasunekoak eta foru eskumenekoak, Josu Erkoreka Gobernuko bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak prentsaurrekoan iragarri duenez.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren esanetan, eskualdaketa horrekin, Arabatik igarotzen diren errepide guztiak Arabako Foru Aldundiaren esku daude, duela hilabete batzuk AP-1 autobidearen Burgos eta Armiñon arteko zatiaren transferentzia jaso ondoren.

Horren esanetan, Arabak "potentzial logistiko handia du, eta lurralde logistiko bat da jada", eta etorkizunerako errepide politika osorik planifikatzeko aukera izateak "politika hori hobetzeko aukera ematen digu, eta arabarren bizimodua eta Arabako errepideetatik igarotzen direnena ere bai".

Bestalde, Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuaren arabera, AP-68 autobidea "funtsezkoa" da jarduera ekonomikoa eta industriala sortzen duen trafikoak ahalmen handiko korridoreen bidez bideratzeko, "horrela gure eragin eremua handituz".

Pradalesen ustez, autobidearen zati horren titularra izateak erabiltzaileei zerbitzu "integrala eta askoz eraginkorragoa ematea ahalbidetuko digu, baita mugikortasun eskaria modu batean planifikatu eta kudeatzea ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Araba Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak AP-68 autobidea Bizkaiko Foru Aldundia azken ordukoa Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak