Ekonomia -

Greba Orokorra

Frantziako Gobernuak pentsioen proiektua aurkeztu du grebaren presiopean

Édouard Philippe Frantziako lehen ministroaren proiektuak puntu bidezko sisteman oinarritzen diren 42 pentsio erregimenak bateratu nahi ditu.

Édouard Philippe, Frantziako lehen ministroa, Parisko batzar nazionalean. Foto: EFE.
Édouard Philippe Frantziako lehen ministroaren irudia
Édouard Philippe, Frantziako lehen ministroa, Parisko batzar nazionalean. Foto: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Édouard Philippe Frantziako lehen ministroak pentsioak berrizteko proiektua aurkeztu du asteazken honetan, abenduaren 11n, garraio publikoko grebaren presiopean; izan ere, zazpigarren egunez, milioika pertsonen joan-etorriak eragotzi dira.

Philippen proiektuak puntu bidezko sistema batean oinarritzen diren 42 pentsio erregimenak bateratu nahi ditu, eta bizitza profesionalean kotizatutako euro bakoitzak eskubide berberak emango ditu erretiroa hartzeko unean.

Sytadinen arabera, atzo Parisera sartzeko autobideetan 475 kilometroko auto-ilarak izan ziren 08:15 aldera, ordu horretan izan ohi diren ilaren bikoitza.

Asteazken honetan, abiadura handiko trenen laurdena, Parisko aldiriko trenen bosten bat eta eskualdeetako trenen % 30 baino ez dira ibiliko (autobusak jarriko dituzten horien ordez).

Astelehenetik erabat etenda daude Frantzia eta Espainiaren arteko eta Frantzia eta Italiaren arteko trenbide loturak, eta inguruko herrialdeetako linea askotan aldaketa ugari egin dituzte.

Londresera doazen Eurostarren hiru laurden eta Belgikara zein Herbehereetara doazen Thalysen bi heren mantendu dituzte.

Parisen, metroaren 10 linea erabat geldituta daude, eta lau puntako orduetan bakarrik ari dira zerbitzua ematen (06:30etik 09:30era eta 16:30etik 19:30era). Bi automatikoak (1 eta 14) normaltasunez dabiltza.

Parisko Charles de Gaulle aireportua lotzen duten hiru trenetatik bat baino ez dabil, eta soilik puntako orduetan. Hiriko autobusei dagokienez, erdiak daude zerbitzuan.

Ipar Euskal Herriko sindikatuek mobilizazio gehiago igarri dituzte biharko, abenduak 12, Lapurdiko hiriburuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Paris Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak