Ekonomia -

Greba Orokorra

Grebak Frantzian garraioa blokeatu du bigarren egunez

Biarritzen programatutako hegaldien erdiak ez dira aterako, eta tren zerbitzuak geldirik jarraitzen du ipar Euskal Herrian, Macron presidenteak sustatutako pentsio erreformaren aurkako greba dela-eta.

Espainiara, Italiara y Alemaniara doazen trenak geldirik geratuko dira. Argazkia: EiTB.
Frantziako tren geltoki baten irudia
Espainiara, Italiara y Alemaniara doazen trenak geldirik geratuko dira. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak sustatutako pentsioen erreformaren aurkako grebak blokeoak eragin ditu ostiral honetan, abenduak 6, bigarren egunez lurreko eta aireko garraioan.

Trenbideen Sozietate Nazionalak (SNCF) jakinarazi duenez, batez beste, abiadura handiko trenen (TGV) % 10 baino ez dira ibiliko, aldiriko trenen % 15 eta Parisen zein eskualdeko trenen % 30, gehienak autobusekin ordezkatuta. Biarritzen programatutako hegaldien erdiak ez dira aireportutik aterako, eta hiriko tren zerbitzuak geldirik jarraitzen du.

Espainia, Italia eta Alemaniara doazen trenak etenda egongo dira; Suitzara doazenetatik joan-etorriko Paris-Basilea trena baino ez da ibiliko; Londresera doazenen Eurostar konpainiako erdia programatuta daude; eta Belgika zein Herbehereetara doazen Thalysen bi heren.

Parisko metropoli-sarearen zirkulazioan ere izan du eragina, kudeatzen duen erakundearen (RATP) arabera. Bi metro linea bakarrik, automatizaturik dauden bakarrak, ohiko trafikoa bermatu dute; bederatzi bertan behera geratu dira, atzo, abenduaren 5ean, baino bi gutxiago, eta beste bostetan jarioa jaitsi egin da, kasu batzuetan laurden bat.

Gainera, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak (DGAC) Paris, Lyon, Marseilla, Tolosa eta Bordeleko aireportuetan jatorria edo helmuga duten hegaldien programa % 20 murrizteko eskatu zien atzo aire konpainiei.

Lehen orduan, 07:30ean (06.30 GMT), ohiko ehun kilometroen aurrean 292 kilometroko auto-ilarak izan dira Parisko eskualdean, "BFM TV" kateak azaldu duenez, eta Frantziako zortzi findegietatik zazpik greban jarraitzen dutela nabarmendu du.

Egungo 42 erretiro-erregimenen ordez, kotizatutako euro bakoitzak mundu guztiari eskubide berberak bermatuko dizkion puntutako sistema bat ezartzeko planaren aurka agertu dira sindikatuak.

Atzo, abenduak 5, erreforma horren aurka antolatutako 250 manifestazio baino gehiagok 806.000 pertsona bildu zituzten herrialde osoan, Poliziaren zenbaketaren arabera, eta 1,5 milioi baino gehiago, CGT sindikatuaren arabera.

Astelehen honetan Agnès Buzyn Osasun ministroa eta Jean-Paul Delevoye pentsioen erreformarako goi komisarioa inplikaturik dauden gizarte eragileekin bilduko dira.

Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak ostiral honetan azpimarratu duenez, Exekutiboak ez du erreforma erretiratzeko asmorik, eta Edouard Philippe lehen ministroak datorren astean emango du horren berri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Grebak Paris Frantzia Baiona Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Emmanuel Macron Sindikatuak Pentsioak