Ekonomia -

Garraioa

Auzitegiak bertan behera utzi ditu VTCak arautzen dituen dekretuaren puntu batzuk

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du, badaezpadako neurri gisa, zerbitzua 30 minutu lehenago eskatzeko beharra eta ibilgailuen geolokalizazioa erakusteko debekua.

VTC autoak, Bartzelonan. Argazkia: EiTB
VTC autoak, Bartzelonan. Argazkia: EiTB
VTC autoak, Bartzelonan. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu, badaezpadako neurri gisa, eta Unauto elkarteak eskatuta, gidaridun ibilgailuen zerbitzuak arautzen dituen dekretuaren puntu garrantzitsuenak. Jaurlaritzak abenduaren 17an onartu zuen dekretua.

Unautok helegitea jarri zuen dekretuaren aurka, kontsumitzaileen eta gidarien eskubideen aurkakoa zelako, eta "taxilari gutxi batzuei mesede egiteko" atera zutelako, Eduardo Martin elkarteko presidentearen esanetan.

Elkarteak kautelazko neurriak eskatu zizkion Auzitegiari dekretuaren puntu garrantzitsuenak baliogabetzeko, EAEn zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko. Puntu horiek 30 minutu lehenago kontratu beharra eta bezeroek autoen geolokalizaziorik ez izatea dira.

Hala, dekretua bihar sartuko da indarrean, baina aipatu puntu horiek gabe.

Unautok azpimarratu du zerbitzua lehenago kontratatu beharra ez dagoela Europar Batasuneko eta mundu osoko beste inongo arauditan, eta kritikatu du Eusko Jaurlaritzak VTCen araudia sektoreko elkarte nagusiarekin hitz egin gabe kaleratu zuela.

Eusko Jaurlaritzak gaur jaso du auzitegiaren jakinarazpena, baina ez du kasuari buruzko adierazpenik egin nahi izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak