Ekonomia -

Dekretua

VTC zerbitzuak gutxienez 30 minutu lehenago kontratatu beharko dira

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du VTC lizentziei buruzko dekretua. Neurria larunbatetik aurrera indarrean sartuko da.

Uber zerbitzuko erabiltzaile bat. Artxiboko argazkia: EiTB
Uber zerbitzuko erabiltzaile bat.
VTC lizentziei buruzko dekretu berria Euskadin

1:03

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak gaur, asteartea, onartu du alokairuzko auto txoferdunen (VTC) erabilera arautuko duen dekretua. Gobernu Kontseiluak bere horretan onartu du zirriborroa, aldaketarik egin gabe, Lehiaren Euskal Agintaritzak neurri hori diskriminatzailetzat jo duen arren. Neurri hori larunbatean sartuko da indarrean.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzak Taxiaren Euskal Federazioko ordezkariekin eta alokairuzko gidaridun kotxe tradizionalen sektoreekin landu eta adostu du gaur onartu duen dokumentua, baina adostasun horretan ez daude Uber edo Cabify bezalako konpainiak. Ildo horretatik, multinazional horiek iragarri dute ez dutela baztertzen auzitegietara jotzea.

Dekretuaren arabera, VTC zerbitzuak gutxienez 30 minutu lehenago kontratatu beharko dira, eta, beraz, ezingo dira unean bertan eskatu telefono mugikorraren bidez, kotxeek ezingo dute kaleetan zehar bezero bila ibili, eta debekatuta izango dute geolokalizatzaileak erabiltzea. Hala, horrelako ibilgailuek ezingo dituzte bezeroak erakarri bide publikoan.

Alabaina, neurri horiek diskriminatzaileak eta lehiaren aurkakoak izan daitezkeela adierazi zuen azaroan Lehiaren Euskal Agentziak. Jaurlaritzak, ordea, testuarekin aurrera jarraitzea erabaki du, aldaketarik egin gabe. Testuinguru horretan, Uber bezalako enpresak biltzen dituen Unauto Espainiako patronalak ez du baztertzen auzitegietara jotzea.

Dekretua ostiral honetan argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta abenduaren 21ean sartuko da indarrean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan iragarri duenez.

Larunbatetik aurrera, Eusko Jaurlaritza udalekin eta foru-aldundiekin koordinatuko da, araudi hori betetzen dela ikuskatu eta kontrolatzeko.

Bestalde, Tapiak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez ditu inoiz VTCren plataforma digitalak arautzen, baina horiek EAEko araudira egokitu beharko dira.

Unautok helegitea sartuko du Gorenean

Unauto VTC elkarteak, EAEn sektorearen gehiengoa ordezkatzen duenak, Auzitegi Gorenera joko du dekretuaren aurkako helegitea jartzeko, Eduardo Martin presidenteak jakinarazi duenez

Martinek esan du badagoela kasu bat jurisprudentzia ezarri zuena, Bartzelonako AMBren araudia hain zuzen ere. Orduan ere helegitea jarri zuten 60 minutuko tartearekin kontratatu behar izatearen aurka, eta epaitegiak arrazoia eman zien.

Unautok uste du EAEko dekretua kontsumitzaileen eta gidarien kontra doala, eta "taxista gutxi batzuk saritu" besterik ez duela egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilbo Bizkaia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Ekonomia Bilbo erdialdeko sarbidea Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak