Ekonomia -
Herstura plana
Greziako Parlamentuak herstura plana onartu du
Bozketa parekatu baten ostean, Greziako Gobernuak Parlamentuko diputatuen babesa lortu du eta abian jarri du murrizketak, zergen igoera eta pribatizazioak ekarriko dituen programa ezatsegina.
Erredakzioa
Europar Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza desblokeatzen duen herstura plana onartu du gaur Greziako Parlamentuak, herriaren porrota saihesteko.Bozketa estu batean, Greziako Gobernuak Parlamentuko 300tik 155 diputaturen babesa lortu du eta abian jarri du murrizketak, zergen igoera eta 78.000 milioi euroko pribatizazioak ekarriko dituen programa ezatsegina.
Oposizioko Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreko diputatu batek aldeko botoa eman dio planari, eta alderdiaren diziplina hautsi du; izan ere, oposizioko alderdi hori herstura programaren aurka dago.
Hala ere, Panagiotis Kurumplis diputatu sozialistaren aurkako botoarekin orekatu da bozketa. Kurumplis Pasok Gobernuko alderditik kanporatu dute, eta Gobernuaren gehiengoa Parlamentuan 154 eserlekutan gelditu da.
Bozketa baino lehen, Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroak esan du "bide zail eta hondamendiaren" artean aukeratu behar zutela. "Ordainketa-etendurak osasun sistemarekin eta eskolekin bukatuko luke, eta erretiro-pentsioak % 80 murriztuko lituzke; halaber, funtzionarien soldaten gain eragina izango luke", ohartarazi du Gobernuko buruak.
Herstura eta pribatizazio programa horri esker Greziak mailegutik falta zitzaizkion 12.000 milioi euroak jasoko ditu uztailean, eta ordainketa-etendura saihestu ahal izango du.
Europar Batasuna
Greziak "ordainketa-etendura agertokitik alde egiteko ezinbesteko" pausua eman duela esan du gaur Europar Batasunak.
"Aldeko bigarren boto batek hurrengo laguntza finantzarioa emateko bidea erraztuko luke. Halaber, bigarren laguntza bat prestatzea erraztuko luke, herriak aurrera egiteko eta herritarrek itxaropena berreskuratzeko", esan dute agiri batean Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea.
Istilu gogorrak
Parlamentuaren aurrean poliziaren eta manifestarien arteko istiluak errepikatu dira. Giroa itogarri bihurtu da kea eta gas negar-eragilearen ondorioz.
Poliziaren arabera, 18 polizia zauritu dira, eta 29 pertsona atxilotu dituzte, baina beste iturri batzuen arabera, baliteke kopuru horiek gora egitea.
Parlamentuaren aurrean, Sintagma plazatik metro gutxira dagoen "King George" hotela hustu behar izan dute, eta ehunka pertsona ospitaletara eraman behar izan dituzte arnas arazoak zituztelako.
Elkarretaratzea Puerta del Solen
M-15eko ''suminduek'' elkarretaratzea deitu dute gaurko Puerto del Solen, 21:00etan, Greziako herritarrei elkartasuna helarazteko, Gobernuak herstura plana onartu ostean.