Ekonomia -

Pentsioen erreformaren aurka

Baionako autobus geltokia eta portua itxi dituzte grebalariek

Pentsioen erreformaren aurkako mobilizazioek 36. egunean Frantziako tren eta hegazkin zerbitzuan eragozpenak espero dituzte. Garraio zerbitzuko langileei hezkuntza eta osasun alorrekoak batu zaizkie.

Grebalariek Baionako autobus geltokia itxi dute. Argazkia: @LAB_ieh
Grebalariek Baionako autobus geltokia itxi dute.
5.000 lagun inguru bildu dira Baionako manifestazioan

1:38

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Estatuan eta Ipar Euskal Herrian mobilizazio eguna dute gaurkoa Emmanuel Macronek egin asmo duen pentsioen erreformaren kontra, 36. egunez. Aurrekoetan bezala, garraio zerbitzuan espero dira eragozpen gehien. Ipar Euskal Herrian, Baionako autobus geltokia inguratu dute manifestariek eta portua ere itxi dute. Frantzian, "eragozpen handiak" aurreikusi ditu SNFC konpainiak lurralde osoan, eta bereiziki Ile-de-Francen.

Garraio arloko langileek ez ezik, hezkuntza, osasuna eta beste arlo batzuetako langileek ere egin dute greba. Parisen, esaterako, Eiffel dorrea itxita egongo da gaur, bertako beharginek deialdiarekin bat egin dutelako.

Baionan (Lapurdi) goizean goiz hasi dira mobilizazioekin. Manifestariek Baionako Chronoplus geltokiaren inguruetan barrikadak paratu dituzte, eta autobus linea batzuen zerbitzua bertan behera geratu da (10:00ak aldera etorri da bere onera). Baionako Portua ere itxi dute piketeek. Arratsalderako "beste ekintza ikusgarri bat" iragarri dute sindikatuek.

Hezkuntzan, bost ikastetxeetatik bakarra dago zabalik Ipar Euskal Herrian.

Eguneko manifestazio nagusia 10:30ean abiatu da, Baionako tren geltokitik. Peio Dufau CGT sindikatuko tren zerbitzuko arduradunak Euskadi Irratiari azaldu dionez, "aste erabakigarrian sartu dira mobilizazioak". Izan ere, larunbaterako beste protesta handi bat dago deituta.

Frantzian "eragozpen handiak" aurreikusi ditu gaurko SNFC tren konpainiak. Abiadura handiko bost trenetatik hiru, eta eskualdeetako 10 trenetatik lau baino ez dira ibiliko, eta nazioarteko zerbitzuan ere "gorabeherak" izango dira. Garraio arloko langileek ez ezik, irakasleak, osasun arloko langileak eta beste sektore batzuetako beharginek ere egin dute greba.

Parisen, Eiffel dorrea itxita dago ostegun honetan. Goizean jakinarazi du itxiera Eiffel dorrea ustiatzeko sozietateak, langileriaren zati batek grebarekin bat egin duela egiaztatzean. "Lanean direnekin ezin diegu bisitariei modu egokian erantzun, beraz, dorrea itxita egongo da egun osoan", adierazi dute ohar batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea berriak Frantzia berriak Baiona Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Pentsioak