Ekonomia -

Frantzia

Frantziako Gobernua, pentsioen erreforma azkeneraino eramateko prest

Hala adierazi du Frantziako lehen ministroak igande honetan argitaratutako elkarrizketa batean, astearte honetarako sindikatuek deitutako manifestazio handia gorabehera.

Macronen proiektuaren aurka manifestatu dira egunotan Frantzian. Argazkia: EFE
Macronen proiektuaren aurka manifestatu dira egunotan Frantzian
Macronen proiektuaren aurka manifestatu dira egunotan Frantzian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pentsioen egungo erreforma azkeneraino eramango duela hitzeman du Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak igande honetan eskainitako elkarrizketa batean, horren esanetan, etorkizunean erreforma "basatiago bat" saihesteko. Gobernuaren plan horren aurka dago Lanaren Konfederakunde Nagusia, eta mobilizazioari eutsiko diola iragarri du beste elkarrizketa batean.

"Pentsioen erreforma hau azkeneraino eramatea eta osatzea erabaki dut, eta errespetuz egingo dut, herritarren kezkak kontuan hartuta", azaldu du Philippek 'Le Journal du Dimanche' kazetan. "Erreforma zehatza, serioa eta progresiboa ezartzen ez badugu, beste batek egingo du bihar, eta basatiagoa izango da", ohartarazi du. Emmanuel Macronen Gobernuak asteazkenean aurkeztuko ditu planaren nondik norakoak.

Bestalde, Philippe Martinez Lanaren Konfederakunde Nagusiak esan duenez, sindikatuak mobilizazioari eutsiko dio erreforma bertan behera geratu arte. "Jendearen haserrea entzun eta hasierako puntura itzultzea behar du Gobernuak", gaineratu du.

"Guztientzako eskubide berdinak" dituen pentsio-sistema ezarri nahi du Macronek, eta SNCF, RATP eta beste erakunde batzuetako hainbat langileri eragiten zien azpisistema batzuk ezabatzea (horren arabera, langile horiek erretiroa hartu dezakete 50 urte inguru beteta). Ondorioz, egungo 40 eskema bateratu nahi ditu Macronek, langileen arteko berdintasunari lagunduko duena, presidentearen ustetan.

Sindikatuak kezkatuta daude, izan ere, pentsioen kalkulua egiteko lan-bizitza osoan lortutako diru-sarreren arabera egitea aurreikusten du erreforma horrek, eta baita garraio publikoaren langileen eta medikuen aurretiko erretirorako planak bertan behera uztea.

Gauzak horrela, manifestazio gehiago prestatzen dabiltza astearte honetarako. Joan den osteguneko martxan 65.000 lagun bildu ziren Parisen, eta ia milioi bat herrialde osoan, Poliziaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Emmanuel Macron Pentsioak