Ekonomia -

Erretreta adin finkoa pentsioen erreformatik kendu du Frantziako Gobernuak

Sindikatu erradikalenen buruzagiek keinuarekin nahikoa ez dela adierazi dute. CFDTk, ostera, 64 urteko erretiro adina kentzea txalotu du.

Protesta Parisen. Argazkia: EFE
Protesta Parisen. Argazkia: EFE
Protesta Parisen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak sindikatuei gutun bat igorri die larunbat honetan. 64 urteko erretreta adin finkoa pentsio erreforma proiektutik kendu dutela jakinarazi die mezuan. Sindikatuek greba orokorra mugagabea hasi zuten abenduaren 5ean.

Nahiz eta Eliseo adin finkoa "aldi baterako kentzeko prest" agertu, sindikatuen eskakizun nagusietako bat, "pentsio sistema unibertsal bat eraikitzeko Gobernuaren borondatea" berretsi du Exekutiboak.

"Eragile sozialetan nire konfiantza demostratzeko eta 2027an oreka lortzeko hartuko diren neurrien inguruan egingo duten lanaren iritzia aurretik ez emateko, epe laburrera nik proposatutako neurria lege-proiektutik kentzeko prest nago, 2022tik 2027ra oreka adina 64 urtera pixkanaka igotzea, alegia", azaldu du Philippek gutunean.

Horrela, orain arte Frantziako sindikatuek pentsio erreformaren aurka azaldu duten batasuna hautsi egin da larunbat honetan, Eliseok erretreta adin finkoan atzera egin ondoren.

Sindikatu erradikalenen buruzagiek Exekutiboaren keinuarekin nahikoa ez dela adierazi dute dagoeneko. Lege-proiektua osorik atzera botatzea aldarrikatu dute.

Sindikatu moderatuagoek, aldiz, tartean CFDT (sektore pribatuko nagusia), 64 urteko erretiro adin finkoa kentzea txalotu dute, eta sistemaren oreka bermatzeko beste neurri batzuk negoziatzeko prest agertu dira.

Erreformak aurrera jarraituko duela ziurtatu du lehen ministroak. Ministroen Kontseiluan urtarrilaren 24an aurkeztuko dute, tramite parlamentarioa otsailaren 17an hasteko eta uda baino lehen onartzeko.

Puntukako erretreta sistema unibertsal bat onartzeko asmo irmoa azaldu du Philippek. Horrela, erregimen bereziekin amaitu nahi du agintariak, bereziki garraio publikoen langileenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Paris Frantzia Baiona Biarritz Maule Donibane Garazi Hendaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Sindikatuak Pentsioak Zuberoa Nafarroa Behereko berriak Macronen Gobernua