Ekonomia -
Greba urtarrilaren 30ean
Lana duina izateko akordio bat proposatu die patronalei ELAk eta LABek
Bi sindikatuek lau puntuko proposamena eman die Confebaski eta CENi; besteak beste, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lanaldia galdegiten dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
ELA eta LAB sindikatuek lau puntuko proposamena eman die Confebask eta CEN Euskadiko eta Nafarroako patronalei, prekarietatearen aurka borrokatu eta "lan duinak" lortzea helburu. Proposamenak, besteak beste, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lanaldia galdegiten ditu.
Euskadin, Pello Igeregi eta Xabier Ugartemendia ELAren eta LABen negoziazio kolektiboko arduradunek Confebasken Bilboko egoitzan eman dute idazkia. Hilaren 30rako, greba ari dira prestatzen bi sindikatuak, Gutun Soziala izenekoa osatzen duten beste sindikatu batzuekin eta pentsiodunen hainbat talderekin, eta gaurko ekitaldia greba horren prestaketaren barruan sartu dute.
Bi sindikalistek argitu dute lehenik eta behin greba egingo dela, eta gerora saiatuko direla Confebasken negoziatzen gaur emandako lau puntuak. Sindikatuen patronalarentzako proposamenaren xedea da prekarietateari aurre egin eta lan-baldintzak duin egitea.
Lau puntuak ondorengoak dira: Euskal Herrian gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, azpikontratetako langileentzako subrogazio-bermea, asteko 35 orduko lanaldia, lana banatzeko, eta lanaldi mugatuetako kontratuak gutxienez asteko 20 ordukoak izatea, eta emakumeei kalte egiten dien soldata-arrakalaren aurkako neurriak hartzea.
Espainiako Gobernu berriak aurreikusitako neurriak, "partzialak eta edukirik gabekoak"
ELA eta LABen arabera, Espainiako Gobernu berriak aurreikusita dituen neurriak, gutxieneko soldataren igoera, azpikontratazioaren gaineko hainbat proposamen, eta berdintasun-plan batzuk kasu, "partzialak eta edukirik gabekoak" dira, eta ez dute balio izango euskal langileek bizi duten egoerari konponbidea emateko; hortaz, "gure egoera zehatzari aurre egin ahal dien neurrien alde" egin dute.
"Confebaskek erretorika berria du enpresa-kulturaz, eta horrek akordio zehatzetan islatu beharko litzateke", adierazi dute sindikalistek: "Ezezkoa emanez gero, aurrera jarraituko dugu mobilizazioekin, urtarrilaren 30aren ostean".
ELAko eta LABeko bozeramaile horiek, halaber, CC. OO. eta UGT sindikatuek greba orokorrari egindako kritikei erantzun diete. Grebaren deitzaileen esanetan, "Eusko Jaurlaritzaren adierazleek ere erakusten dute Euskadin pobreziak gora egin duela", hazkunde ekonomikoa gorabehera. Horrek frogatzen du "patronalaren nahia dela langileak txiroagoak izatea. Testuinguru horretan greba orokorra egiteko arrazoirik ez badago, ez dugu ulertzen zein den sindikalismoaren betebeharra. Gurea da lan-gunean astintzea, langileei bizitza duina ematea helburu".