Ekonomia -
Lanbide
Lasarte-Oriako bere bulegoko langile batek pairatutako erasoa salatu du Lanbidek
Euskal Enplegu Zerbitzuak zehaztu duenez, langileak, segurtasun-zaintzailea bera, sei bat gazteren erasoa jasan zuen. Burua txanoz estalita zuten, eta hilaren 30eko grebarako ari ziren deitzen.
Agentziak | Erredakzioa
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak Lasarte-Oriako bere bulegoko langile batek pairatutako erasoa salatu du. Ohar batean zehaztu duenez, langileak, segurtasun-zaintzailea bera, sei bat gazteren erasoa jasan zuen. Gazteek burua estalita zuten, eta hilaren 30eko grebarako ari ziren deitzen. Lanbidek, halaber, adierazi du beste egoitza batzuetan greba orokorrarekin lotutako pintadak egin dituztela.
Segurtasun-zaintzailearen erasotzaileak "Ernairen kartelak ari ziren jartzen" Lasarte-Oriako bulegorako sarreran, "eta grebarako ari ziren deitzen, pintadak eginez", esan du Lanbidek.
Segurtasun-zaintzaileak gazteen jarrera gaitzetsi zuen, eta azken horiek lurrera bota zuten eta lesioak eragin zizkioten; segituan, lasterka irten ziren, eta bulegoaren aurrean hainbat balde, kartel eta margo-poto utzi zituzten, Lanbideren esanetan. Euskal Enplegu Zerbitzuak salaketa jarri du, Ertzaintzaren aurrean, gertaturikoagatik.
Lesioak jasan dituen langileak ere jarriko du salaketa, sendatu ostean, bere enpresak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari jakitera eman dionez. Beatriz Artolazabal sailburuak langilearekin hitz egin du, haren osasunaz galdetzeko.
Pintadak egoitza gehiagotan
Lasarte-Orian izandako gertakariez gain, hilaren 22an, Santurtziko bulegoan, buzoak eta maskarak zeramatzan talde bat fatxada papereztatzen saiatu zen, pankartak erabiliz. Dozena bat lagun, gainera, egoitzara sartu ziren, eta grebaren aldeko paskinak banatu zituzten, “oztopatzen eta izutzen”.
Astearte goizean, Gasteizko Salburua auzoko bulegoan, pintada handi bat agertu da. Fatxada nagusian, pintura bota dute.
Lanbideren Salburuako fatxada. Argazkia: Lanbide.
Lanbidek salaketa jarri du, Ertzaintzaren aurrean, bulego horietan izandako kalteengatik.
"Onartezina"
Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiaren iritziz, "onartezinak" dira erakunde publiko horren inguruan izandako gertakariak; izan ere, Lanbideren betebeharra da "babesgabeko sektoreei laguntzea".
Langile publikoak kikiltzea gaitzetsi du Belandiak, halaber: "Eraso hauek gainditutzat ematen genituen garai batzuetara eramaten gaituzte", nabarmendu du. Zuzendari nagusiak galdegin du greba-egunean erasorik ez gertatzea.