Ekonomia -

Lan-istripuak

Sindikatuek lan-istripuen aurkako tresnak indartzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Bilbon egindako elkarretaratze batean, "segurtasuna etekinen gainetik" jartzeko eskatu diote patronalari.

Lan-istripuen aurkako elkarretaratzea, Bilbon. Argazkia: Efe
Lan-istripuen aurkako elkarretaratzea, Bilbon. Argazkia: Efe
Lan-istripuen aurkako elkarretaratzea, Bilbon. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal gehiengo sindikalak lan-ezbeharrei aurre egiteko tresnak indartzeko eta Osalani giza eta diru baliabide gehiago emateko eskatu diote Jaurlaritzari. Era berean, patronalari "enpresen etekinaren gainetik segurtasuna lehenesteko" eskatu diote.

ELAk eta LABek, Steilas, ESK, Hiru eta EHNErekin batera, elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean, lan-istripuak salatzeko.

Oskar Abad ELAren lan osasuneko arduradunak esan du "aste beltza" izaten ari dela Bizkaian izan diren lan-istripuengatik. Izan ere, bi lagun hil dira lan-istripuz, eta beste bik desagertuta jarraitzen dute Zaldibarko zabortegiko luiziaren ondorioz.

Abaden arabera, Eusko Jaurlaritzak "eskuetan ditu lan-ezbeharrei amaiera emateko tresnak, eta Osalan eta Lan Ikuskaritza indartu egin behar dira, baliabide gehiagorekin".

Era berean, patronalari "konpromiso argia" eskatu dio lan osasun eta segurtasun alorrean, "gai hori lehenetsi behar dutelako etekinen gainetik".

Bestalde, Abadek "lotsagarri" jo du UGTk eta CCOOk Confebaskekin egindako azken akordioa, Prebentzio kulturaren euskal behatokia sortzeko egindakoa, "inolako neurri zehatzik gabe, eta sinatzaileei dirua emateko helburu soilarekin".

Ibon Zubiela LABen ordezkariak, bere aldetik, lan-istripuak "hilketa" gisa agertzearen alde egin du, "aski jakina delako zeintzuk diren lan istripuen arrazoiak eta zein neurri eta baliabide jarri behar diren, lan-ezbehar bakoitzak lan-baldintza kaskarrak ezkutatzen dituelako atzean, baina ez da ezer egiten".

Horren aurrean, LABen bozeramaileak uste du hildakoak "zuzendaritzako kideak" izango balira "neurriak erabat desberdinak" izango liratekeela, baina "bien bitartean, epidemiak aurrera jarraitzen du eta langileak hiltzen dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Eusko Jaurlaritza ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak ESK