Ekonomia -
Krisia eurogunean
Irlanda egitasmoa betetzen ari dela baieztatu dute EBk, NDFk eta EBZk
Irlandako zorra zabor-bonua dela esan zuen Moody's agentziak duela bi egun, baina Irlandako agintariak aurrerapauso "indartsuak" ematen ari direla baieztatu dute hiru erakundeek.
Erredakzioa
Europar Batasuneko (EB), Nazioarteko Diru Funtsako(NDF) eta Europako Banku Zentraleko (EBZ) ordezkaritza batek gaur iragarri duenez, finantza-erreskatea jasotzeko baldintzak "irmotasunez" betetzen ari da Irlanda.
Irlandako zorra zabor-bonua dela esan zuen Moody''s agentziak duela bi egun, baina Irlandako agintariak aurrerapauso "indartsuak" ematen ari direla baieztatu dute hiru erakundeek. Erreskate programak 85.000 milioi euroko diru-laguntza aurreikusten du.
Azken bi asteetan aztertutako gaien artean, Irlandako ekonomiaren hazkundea 2011n "txikia" eta "positiboa" dela azaldu du ordezkaritzak, eta Barne Produktu Gordin (BPG) "erreala" egonkortu egin da urteko aurreneko hiruhilekoan.
Irlandako finantza-sistema berregituratzeko egindako aurrerapausoak goraipatu dituzte erakundeek, izan ere, 2008an hasitako krisi ekonomiko larriaren jatorria da. Sektore "osasuntsu" bat bihurtzeko aurrerapausoak eman ditu Irlandak, EBZren, NDFren eta EBren esanetan.
Defizita
Hiru erakundeek gogorarazi dutenez, aurreneko seihilekoan Irlandako defizita 8.400 eurotan kokatu da, laguntza programan finkatutako mugaren azpitik, 10.100 milioi.
Hurrengo azterketa irailean izango da. Ordurako "sendotze planaren" programa zehatzago bat jasotzea espero dute EBk, NDFk eta EBZk. 2015ean defizita BPGren % 3ra murrizteko helburua du egitasmoak.