Ekonomia -
Lan-istripua
Murgako hondakin enpresako "lan baldintza negargarriak" salatu dituzte
Gogorarazi dutenez, astelehenean langile bat hil zen erreten bat aldatzen ari zenean, eta uste dute ez dela zentzuzkoa birziklapen lantegiko behargin batek lan hori egitea.
agentziak | erredakzioa
Sindikatuek Murgako (Aiara, Araba) hondakin enpresan "lan-baldintza negargarriak" direla salatu dute. Gogorarazi dute astelehenean langile bat hil zela erreten bat aldatzen ari zenean, eta uste dute ez dela zentzuzkoa birziklapen lantegiko behargin bat lan horietan aritzea.
Ezbeharra astelehen arratsaldean gertatu zen, Zorroza Hondakin kudeaketa enpresan. 30 urteko langilea, jatorriz senegaldarra zena, 4 metrotik behera erori zen, eta Gurutzetako Ospitalera eraman bazuten ere, hil egin zen.
Gaur eguerdian, ELA, LAB, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute enpresaren parean, eta CCOOk Arabako patronalaren egoitzara eraman du protesta "Lan istripu gehiagorik ez" lelopean.
LABek prentsa-ohar batean azaldu duenez, langilearen heriotzak enpresako langileek pairatzen dituzten "lan-baldintza negargarriak utzi ditu agerian". Izan ere, "nahitaezko 10 orduko lanaldiak", soldata "oso baxuak" eta lan erritmo "oso altuak" omen dituzte. Gainera, "langileek behar duten babes ekipamendurik ere ez" omen du ematen enpresak.
Lantegiko garbitasuna ere ez dutela zaintzen, eta beharginek "lan-arriskuei buruzko trebakuntzarik" ez dutela jasotzen salatu dute. LABek zehaztu du enpresaren "gerentziatik" tratu txarrak ematen dizkietela langileei, eta "eraso fisikoren bat ere" jasan dutela.
Gaur arratsaldean manifestazioa egingo dute Amurrion lan-istripuen aurka.