Ekonomia -

Balantzea

504 milioiko zerga-iruzurra 2019an, Bizkaian; 2018an baino 15 milioi gehiago

Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak zehaztu duenez, horrek ez du esan nahi "iruzur gehiago dagoenik, iruzurgileek Hazienda engainatzeko gero eta zailagoa" dutela baizik.

Bizkaiko Ogasunaren bulegoak. EiTBko bideo batetik ateratako artxiboko irudia.
Bizkaiko Ogasunaren bulegoak. EiTBko bideo batetik ateratako artxiboko irudia.
Bizkaiko Ogasunaren bulegoak. EiTBko bideo batetik ateratako artxiboko irudia.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Ogasunak 2019ko ekitaldian zehar aurrera eraman zituen 487.174 ekintzetan 504.082.118 euroko zerga-iruzurra antzeman zuen. Ia lau eurotik hiru Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ) erregularizatu zituzten, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak jakitera eman dituen datuen arabera.

Guztira, 2018an baino 15 milioi euro gehiago antzeman zituen Ogasunak 2019an. Iruarrizagaren hitzetan, horrek ez du esan nahi "iruzur gehiago dagoenik, iruzurgileek Hazienda engainatzeko gero eta zailagoa" dutela baizik.

Iaz zerga-iruzurra saihesteko aurrera eraman zituzten ekintza guztien emaitzak aurkezteko, prentsaurrekoa eman dute diputatuak eta Iñaki Alonso Ogasuneko zuzendari nagusiak Bilbon. "Nahiz eta urtez urte kontzientziazio soziala areagotu, zerbitzu publikoak mantentzeko guztien ekarpena beharrezkoa dela gogoraraztea nahitaezkoa da oraindik, bakoitzak dagokionarekin", azpimarratu du Iruarrizagak.

Bizkaiko Ogasunak zerga-iruzurraren aurkako 487.174 ekintza eraman ditu aurrera 2019an, eta 504.082.118 euro antzeman ditu. Iruarrizagak gogorarazi duenez, iruzurraren % 70 batezbeste "kutxan sartzen da ekitaldi bakoitzean"; izan ere, ekintza batzuk "hiru edo lau urte geroago" kobratzen dira.

Diputatuak azaldu duenez, 2019ko ekitaldian "erregularizatutako" lau eurotik hiru BEZari dagozkio eta, konkretuki, 363,65 milioi izan ziren. BEZari egindako iruzurra "urtero gora" egiten ari dela agerian utzi du azken urteetako bilakaerak. Datozen ekitaldietan fakturazio sistemen gaineko kontrola "funtsezkoa" izango da 'Batuz' ereduaren bidez. Uztailaren 1ean martxan jarriko dute, eta hasiera batean borondatezkoa izango da, baina urtarrilaren 1etik aurrera derrigorrezkoa.

Bestalde, PFEZ zergan 29,82 milioi euroko iruzurra antzeman zuten, 1,7 milioikoa ondarearen gaineko zergan eta 43,64 milioi bazkun-zergan.

Iruzurraren aurkako ekintzen artean, Bizkaiko Ogasunak Fiskaltzari hiru espediente igorri zizkion 2019an, 1,87 milioi euroko ustezko delitu fiskalengatik. Gainera, iaz bost zigor irmo ezarri zituzten epaitegiek, aurreko ekitaldietan salatutakoak (31 milioiko iruzurra), hain zuzen ere.

Bestalde, nazioarteko enpresa taldeen kontrolean, 13 entitate ikertzen hasi zen Bizkaiko Ogasuna, "gehiegizko" finantza gastuak edo "amarruak" egotzita. Horietako hirutan 4,2 milioi euro erregularizatu zituzten.

Zerga paradisuetan dirua duten 121 zergapekoren kasuan, beste 7,6 milioi euro antzeman ditu Bizkaiko Ogasunak.

Era berean, zortzi enpresa handi eta bi talde fiskal handiren kasuan, 2,5 milioi euro erregularizatu ditu Bizkaiak, eta beste 26,2 milioi euro errenta aitorpenen eta administrazioak zituen datuen artean "kontraesan esanguratsuak" zituzten zergapekoei egindako likidazioetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Iruzurrak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Zerga politika