Ekonomia -

Araba

Araba 2021eko apirilean hasiko da faktura elektronikoa ezartzen

Aurreikuspenen arabera, 2022ko urtarrilaren 1erako guztiz ezarrita egongo da zerga-iruzurraren aurkako borroka sendotzeko erabili nahi duten tresna berria.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Ogasuna faktura elektronikoa ezartzen hasiko da, 2021eko apirilean, TicketBAI sistemaren bidez, astelehen honetan jakinarazi duenez. Faktura digital hori autonomoek eta enpresek erabili beharko dute, eta mailaz mailako ezarpena izango du; hain zuzen ere, aurreikuspena da 2022ko urtarrilaren 1erako guztiz ezarrita egotea.

Prentsa-ohar baten bidez, Arabako Aldundiak zehaztu du zein egutegiri jarraituko dion sistema hori zabaltzeko; hiru Foru Aldundiek adostu dute TicketBAI sistema, eta fakturak kontrolatzeko eta zerga-iruzurraren aurka borrokatzeko urrats kualitatiboa izango da.

Lehenik eta behin, TicketBAIren ezarpena erraztea helburu, arabar Ogasunak pertsona fisiko eta juridikoentzako sentsibilizazio-kanpaina abiatuko du 2021eko urtarrilean. Aholkulariek hasiko beharko dute fakturazio-sistema hori erabiltzen, beste inork baino lehenago; izan ere, "enpresa guztiekin harreman zuzena dute, eta horregatik emango diote beraiek sistema honi sarbidea", azaldu du Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontuen ahaldunak.

Uztailean, sektore hauetan hasiko dira erabiltzen: zuzenbidean, ingeniaritzan, arkitekturan, osasunean, ostalaritzan eta farmazian. Azkenean, 2022ko urtarrilean, sektore guztietan izango dute ezarrita.

Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak garatutako softwarea

TicketBAIk erabiltzeko, hiru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza garatzen ari diren software bat beharko da. Software horretan, enkriptatutako kode bat dago, fakturek denbora errealean hel daitezen Ogasunetara. Horrela, salmentak ezkutatzeko aukerarik ez da izango.

Faktura gutxi dituzten saltokientzat, Foru Ogasunak doako aplikazioa sortuko du, araba.eus web orrian. Aplikazio horren bidez, fakturen berri eman ahal izango dute, TicketBAI sistemarekin bateragarri eginda, software berririk instalatzeko beharrik gabe.

Arabako Ogasunak kenkari espezifikoak bideratu nahi ditu, sistema berriak erostea errazteko asmoarekin. Gonzalok, gainera, gogora ekarri du bezeroek berehala jakin ahalko dutela, QR kode baten bidez, zerbitzu eta produktu batengatik jasotako faktura legezkoa den ala ez; horrela, herritarrek laguntza eman ahalko diote Ogasunari, zerga-iruzurraren aurka borrokatzeko: "Horrek guztion zerbitzu publikoetan izango du eragina, eragin ona", adierazi du.

Gonzalok, horrez gain, ziurtatu du proiektuaren xehetasunen berri ari direla ematen, eta eragile ekonomikoek eta enpresek zer dioten entzuten ari direla. Uste duenez, sistema berri honek harrera izango du: "Fakturazioa kontrolatuz, lehia desleialaren aurka gogorrago egingo dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba EAE albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak TicketBai berriak