Ekonomia -

Koronabirusa

Zergen ordainketa atzeratzea ahalbidetuko dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ogasunek

Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek bilera egin dute goizean, datozen asteetan ezar ditzaketen salbuespeneko neurriak aztertzeko.

Langile bat maskararekin, Bilbon. Argazkia: EFE
Langile bat maskararekin, Bilbon.
Langile bat maskararekin, Bilbon. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ogasunek zergen ordainketa atzeratzea eta zorrak zatika ordaintzea ahalbidetuko dute, herritarrek eta enpresek ahalik eta likidezia gehien izan dezaten koronabirusaren hedapenaren ondorioz hartu behar izan diren salbuespeneko neurrien ondorioei aurre egiteko.

Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek bilera egin dute goizean, datozen asteetan ezar ditzaketen salbuespeneko neurriak zeintzuk izan daitezkeen aztertzeko.

Erakunde guztiak elkarlanean arituko dira eta edozein neurri hartu aurretik elkarri jakinaraziko diote. Eusko Jaurlaritzak esan du balizko neurri horiek diru-bilketan izan dezaketen eragina kalkulatuko dutela orain.

Edonola ere, instituzioek azpimarratu dute larrialdi egoera honekin amaitzeko ezinbestekoa dela administrazio publiko guztiek baliabide nahikoa izatea eta, ondorioz, baliabide horiek arriskuan jar ditzaketen neurririk hartuko ez dutela zehaztu dute.

Ildo horretan, Itziar Agirre Ogasuneko sailburuordeak aitortu du koronabirusak kalte egingo diola diru-bilketari eta horrek ondorioak izango dituela baliabideak erakunde ezberdinen artean banatzerakoan.

Atzo, foru aldundiek osasun krisi honi aurre egiteko lehendabiziko neurriak iragarri zituzten.

Arabako Foru Aldundiak Ogasunari egin beharreko ordainketak atzeratzea eta kobratzeak arintzea erabaki zuen, autonomoek, enpresa txiki eta ertainen eta, oro har, herritarrek alarma egoera honetan likidezia izan dezaten.  

Bizkaiko Foru Aldundiak ere ildo beretik jo zuen. Errenta aitorpenak eta martxoaren 16tik ekainaren 1era bitartean sortutako zorren kitatzea eta zergen ordainketa atzeratzea ebatzi du.  

Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, enpresa txiki eta ertainek nahiz autonomoek atzera bota dezaketen zerga kopurua 150.000 eurotik 300.000 eurora handitu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Enpresaburuak Koronabirusa Zergak gaur