Ekonomia -

Koronabirusa

Legezkoa al da langile bat oporrak hartzera behartzea?

Koronabirusaren ondorioz ezarri duten alarma egoerak eta hainbat enpresa hartzen ari diren neurriek zalantza asko eragin dituzte langileen artean.

Langile bat maskara jantzita, Bilboko obra batean. Argazkia: EFE
Langile bat maskara jantzita, Bilboko obra batean.
Langile bat maskara jantzita, Bilboko obra batean. Argazkia: EFE

GAIZKA PALACIOS | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren hedapena ekiditeko asmoz ezarritako alarmak egoerak ezinegona zabaldu du gizartean. Enpresa asko langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurriak inprobisatzen ari dira eta beharginek ez dute oso argi salbuespen egoera honetan beren eskubideak eta betebeharrak zeintzuk diren.

Oporrak orain hartzera behartu nazakete? Hori da askok egiten duten galdera, eta erantzuna argia da: ez. Legez kanpokoa izango litzateke.  

Langileen Estatutuaren 38. artikuluak dio oporrak enpresariaren eta langilearen artean adostu behar direla, eta gutxienez bi hilabeteko epearekin jakinarazi behar zaiola beharginari oporrak noiz izango dituen.  

Edonola ere, zer gertatuko litzateke oporrak hartzera behartzen banaute? Legelariek enpresariaren aginduak betetzea eta ondoren lan-arloko epaitegira jotzea gomendatzen dute. Demanda aurkezteko epea 20 egunekoa bada ere, une honetan baldintza hori bertan behera geratu da, konfinamendua dela eta.

Gauzak horrela, zer egin dezake enpresaburuak? Alarma egoeraren ondorioz, hainbat lantegik, tabernek eta dendek ateak itxi behar izan dituzte. Kasu horietan buruzagiak aldi baterako lan-erregulazio espedientea aurkeztu dezake.

Beharginak denbora tarte baterako kaleratzeko legezko neurria da. Enpresaburuak lan agintaritzaren baimena behar du plan hori indarrean jartzeko.

Kaltetutako langileek langabezia-prestazioa jasoko dute eta denbora hori kotizatuta agertuko da bizitza laboralean.

Lan-harremana eten egiten da, baina ez da iraungitzen. Hau da, beharginak lanpostua eta lan-baldintzak gordeta izango ditu.

Alarma egoeraren ondorioz hartutako salbuespeneko neurriak kentzen direnean baliorik gabe geratuko da aldi baterako lan-erregulazio espedientea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sindikatuak Oporrak Enpresaburuak Lan gatazkak Koronabirusa Alarma-egoeraren amaiera