Gizartea -

KORONABIRUSA

Zer dago baimenduta eta zer debekatuta alarma egoeran?

Gauerdian sartu da indarrean alarma egoera eta udaltzainek, ertzainek zein foruzainek nahikoa lan izan dute herritar askori kalera ezin dutela atera buruan sartzeko.

Gasteiz atzo, kalean inor ere ez. Argazkia: EFE
Gasteiz atzo, kalean inor ere ez.
Zer egin daiteke eta zer ez alarma egoeran?

1:40

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gauerdian sartu da indarrean Espainiako Estatu osoan alarma egoera koronabirusa zabaltzea saihesteko, eta neurri garrantzitsuenetakoa, horrek izango duen eraginari begira behintzat, herritarren zirkulazio askea mugatzeko erabakia da.

Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen dekretuaren arabera, beharrezkoak ez diren joan-etorriak kenduta, herritarrek etxean egon beharko dute hurrengo 15 egunetan. Ondorengo kasuetan bakarrik  egongo da baimenduta pertsonen joan-etorriak:

- Elikagaiak, sendagaiak eta oinarrizkoak diren gauzak erosteko (ibilgailuarentzako erregaia, adibidez)

- Osasun zentroetara joateko

- Lanerako joan-etorria egiteko

- Mendekotasuna dutenak zaintzeko (adinekoak, adin-txikikoak, mendekotasunen bat dutenak zein bereziki ahulak diren pertsonak)

- Finantza-erakundeetara eta aseguru-etxeen bulegoetara joateko

- Ezinbesteko egoerak edo beharrak kudeatzeko

- Aurrekoen tankerako beste edozein jardueratarako, behar bezala justifikatuta badago (txakurra paseatzera ateratzeko, esaterako)

Hori bai, aurreko kasu horietarako etxetik ateratzen den pertsona bakarrik aterako da beti, baina haurren, adinekoen edo ezgaitasunen bat dutenen kasuan, arduradunarekin atera daitezke beharrezko egitekoetara.

Autoz mugituz gero ere, pertsona bakarra joan daiteke ibilgailuan. Mendekotasuna duten pertsonak beste norbaitekin joan ahal izango dira.

Hauek dira irekita egongo diren zerbitzuak: elikagai denda handiak eta txikiak, farmaziak, okindegiak, prentsa saltzen duten kioskoak eta dendak, estankoak, gasolindegiak, ile apaindegiak, optika eta ortopediak, animalientzako jana erosteko dendak, tindategiak eta zerbitzu informatikoak ematen dituzten dendak. Halere, ahal den denbora gutxien egon beharko da toki horietan, eta metro eta erdiko tartea errespetatu beharko da beste bezeroekin. Internet bidezko salmenta ere izango da martxan.

Ezingo da kalera atera ondorengo gauza hauetarako:

- Haurrak parkera edo kalera eramateko

- Paseatu edo korrika egiteko

- Lagunak eta senideak bisitatzera joateko, zaintza behar duen norbait ez bada behintzat (segurtasun neurri zorrotzak bete beharko dira kasu horietan)

- Bidaiak egiteko

Ostalaritza, merkataritza eta aisialdi gune guztiak itxita egongo dira Estatu osoan. Etxera eramateko jana egiten duten jatetxeak bakarrik egongo dira irekita, baina ezingo da barruan ezer hartu.

Errege-dekretuak bertan behera utzi ditu maila guztietako eskolak ere Estatu osoan.

Era berean, debekatu egin dituzte mota guztietako festak zein meza emateko eta erlijioa praktikatzeko guneak irekita izatea ere. Ezkontzak eta hiletak ez dituzte debekatu, baina bai mugak ezarri, eta bertaratzen direnek gutxienez metro bateko tartea izango dutela bermatu beharko da.

Errege-dekretu honetan ezarritakoak, derrigor bete beharreko neurriak izango dira.

Atzo, Eusko Jaurlaritzak ere hainbat neurri iragarri zituen. Gehienak, gero Espainiako Gobernuak onartutako errege-dekretuan ere jasotzen dira, baina badaude ñabardura batzuk:

- Eguneko zentroak itxi egingo dira eta erresidentzia pribatu zein publikoetan dauden pertsona helduen bisitak debekatu egingo dira. Zentro bakoitzak salbuespenak egin ahal izango ditu, baina sartzen diren guztiei tenperatura hartuko diete eta 37 ºC baino gehiago izanez gero, ezingo dira sartu.

- Tabernak, ostalaritza zentroak zein kiroldegi eta aisialdirako guneez gain, elkarte gastronomikoak eta txokoak ere itxita geratuko dira.

Koronabirusari aurre egiteko, Estatu osoan "boterea izango duen agintea" Espainiako Gobernua izango da, eta errege-dekretuan zehaztutako neurriak ez betetzeak herritarrentzako ondorioak izan ditzake. Hain zuzen ere, desobedientzia delitu batengatik 100 euroko isuna eta 3 urterainoko espetxe-zigorra eta agintaritzaren aurkako atentatuagatik 4 urteko kartzelaldia ezar dezake Justiziak.

Gaur nahikoa lan izan dute udaltzain, ertzain eta foruzainek zenbait herritarri etxean egon behar zutela buruan sartzeko, eta hala ikusi da sare sozialetan bolo-bolo zabaldu diren hainbat bideotan.

Autonomietako presidenteekin bilera egin du gaur Sanchezek

Espainiako Gobernuko presidenteak bilera egin du gaur goizean autonomia erkidegoetako presidenteekin, bideokonferentzia bidez, xehetasunak emateko.

Bilera horren ostean, prentsaurrekoa eman du Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta koronabirusari aurre egiteko Espainiako Gobernuak onartutako dekretua beteko duela adierazi du, baina Estatuak Ertzaintzaren eta Osakidetzaren agintea hartzea "ez da beharrezkoa", Urkulluren ustez. "Ertzaintzaren eta Osakidetzaren agintea hartzeko neurriak ez dira beharrezkoak. Neurri horiek ezin dira ulertu eraginkortasun praktiko eta profesionalaren ikuspegitik", esan du.

Sanchezi bere desadostasuna agertu diola esan ondoren, lehendakariak azpimarratu du "lankidetzarako eta koordinaziorako prest" dagoela. "Prozedurek garrantzia handia dute demokrazian, funtsezkoak dira. Dekretua onartzeko eta jakinarazteko moduarekin ados ez nagoela adierazi diot Sanchez presidenteari", gehitu du.

Nolanahi ere, ez dituela "desadostasuna eta nahasmena" sustatu nahi esan du, eta "jarduera komun bat" bultzatzeko eta ahalbidetzeko konpromiso irmoa agertu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa EAE albisteak Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Koronabirusa Zehapenak Euskadin Alarma egoera