Ekonomia -
Koronabirusa
Mercabilbaok salmenta-postuak aldendu ditu, eta erosleen arteko tartea zehaztu du
Bilboko Udalak, gehiengoa duen merkatuko bazkidea bera, bi metroko gutxieneko tartea ezarri du salmenta-postuen artean, eta metro bateko tartea erostera doazen txikizkarien artean.
Agentziak | Erredakzioa
Mercabilbaok osasun-segurtasuneko neurri berriak ezarri ditu, koronabirusaren epidemia dela eta; hain zuzen ere, bi metroko gutxieneko tartea ezarri du salmenta-postuen artean, eta metro bateko tartea erostera doazen txikizkarien artean, Bilboko Udalak, gehiengoa duen merkatuko bazkidea bera, ohar batean jakinarazi duenez.
Horrez gain, Mercabilbaok kanpoan aparkatzeko eta itxaroteko eta barnealdean erosketak egiteko denbora-tarteak betetzen direla zainduko du; hurrenez hurren, 15 minutukoa eta ordubetekoa dira tarte horiek. Halaber, langileentzako sarrera espezifikoa zehaztu du, eta agindu du salgaiak postu bakoitzeko atzealdeko ateetatik soilik irten daitezela.
Mercabilbaok ohartarazi du neurri horiek ez betetzeak zigorrak ekarriko dituela, eta gogora ekarri du neurriak betetzeko ardura salmenta-postuen jabeena dela, bai eta langileena eta erosleena ere.
ELA sindikatuak, astelehen honetan, eskatu dio Bilboko Udalari Mercabilbaon koronabirusaren aurkako prebentziozko neurriak ezartzeko; izan ere, egoera “kritikoa” da bertan, sindikatuaren esanetan, "salgaiak aire zabalean baitaude, edonoren esku, bezeroen masifikazioa baitago, eta zenbait bezerok eskularrurik eramaten ez dutelako eta ez dituztelako errespetatzen barnealdean egon daitezkeen denbora-tartea eta metro eta erdiko tartea ere".
Mercabilbao elikagai freskoen merkatu handizkaria da (fruta, barazkiak, arraina eta haragia saltzen da bertan), eta 70 bat enpresak lan egiten dute han.