Ekonomia -
KORONABIRUSA
Abian da jada baserritarren produktuak bildu eta saltzeko zerbitzu berria
Azoketan produktuak saltzen zituzten baserritarrei, produktuak merkaturatzen laguntzea da ekimenaren helburu nagusia, ekoizleen zein bezeroen osasuna bermatuz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak koronabirusaren ondorioz merkatuetan saldu ezin duten lurraldeko baserritarren produktuak bildu eta merkaturatzeko zerbitzu bat jarriko dute martxan. Zerbitzua Bizkaira eta Arabara ere hedatuko da.
Azoketan produktuak saltzen zituzten baserritarrei, produktuak merkaturatzen laguntzea da ekimenaren helburu nagusia, ekoizleen zein bezeroen osasuna bermatuz. Zerbitzua aurrera eramateko Lurrarte Baserriko Uzta enpresaren laguntza, Hazi fundazio publikoko teknikarien laguntza, landa garapenerako elkarteena eta udalerrien lankidetza izango dituzte, foru erakundeak ohar batean jakinarazi duenez.
Baldintzak, bilduko diren produktuak, beharrezko logistikaren ezaugarriak, prezioak eta abarren inguruan argitasunak izateko, baserritarrek 943 693 074 telefonora deitu ahal izango dute, astelehenetik ostiralera 08:00tatik 14:30etara, edota 688 643 670 telefonoko whatsapp-era idatzi (Erreferentzia: barazki Bilketa).
Koronabirusaren pandemiak zuzeneko salmentan duen eragina arintzea da asmoa. Izan ere, horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak salbuetsitako merkataritza establezimenduetatik kanpo elikagaiak merkaturatzea saihesteko gomendatu zuen.
Antolatzaileen esanetan, produktu horiei "irtenbide bat" eskaintzeko sortu da ekimena. Halaber, larrialdi egoera bati aurre egiteko planteatu dela ere adierazi dute, baina, etorkizunera begira, "banaketa bide berriak irekiko dituen aukera bihur daiteke", herritarrek baserritarren produktu gehiago erosi ahal izateko.
Bileran, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako foru gobernuko kideek datozen asteetan sektorearen egoeraren "jarraipena" egingo dutela adostu dute, lehentasunak zehazteko eta "baliabide publikoei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko".
Tapiaren arabera, Eusko Jaurlaritzak Haziren bidez koordinatuko du gaur aurkeztutako ekimena, eta Bizkaira eta Arabara zabalduko dela adierazi du. Halaber, tokiko eta sasoiko produktuak kontsumitzearen alde agertu da, eta elikagaiak arduraz erosteko deia egin du.
Sailburuak lehen sektoreko ordezkariei azaldu dizkie Eusko Jaurlaritzak iragarritako neurriak eta berariazko beste laguntza-lerro batzuk, hala nola, elikagaien sektoreko soberakinak estaltzeko programa, 6 milioi euroren truke, eta enpresa txiki eta ertainek kredituak eta alokairuak administrazioari itzultzea atzeratzeko erabakia, 400.000 euroko balioarekin.
Zerbitzua aste honetan bertan jarriko da martxan, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek COVID-19aren ondorioak aztertzeko lehen sektorearekin egin duten bilera telematikoan adierazi dutenez.
Bileran Markel Olano ahaldun nagusia, Imanol Lasa Ekonomia, Turismo eta Landa Inguruneko diputatua, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordea, eta Xabier Iraola eta Garikoitz Nazabal ENBA eta EHNE sindikatuetako ordezkariak izan dira.