Itxi

2020/03/28

19:06

Ekonomia

KORONABIRUSA

Oinarrizkoak ez diren jarduera guztiak etenda, astelehenetik aurrera

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak agerraldia egin du martxoaren 30etik apirilaren 9ra arte etenda geratuko direla behar-beharrezkoak ez diren zerbitzuak iragartzeko

1:59
Pedro Sanchez, larunbat honetako agerraldian.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak urgentziazko agerraldia egin du gaur 19:00etan, datorren astelehenetik aurrera behar-beharrezkoak ez diren jarduera guztiak etenda geratzen direla iragartzeko.

Martxoaren 30etik apirilaren 9ra arte egongo da indarrean neurria, bi datak barne, eta bihar onartuko dute ezohiko Ministro Kontseiluan.

Tarte horretan ordaindutako baimena izango dute langileek, "euren soldata normaltasunez jasoko dute" azaldu du Sanchezek.

Osasun larrialdia amaitzen denean, langileek errekuperatu egin beharko dituzte ordu horiek, pixkanaka eta denboran zehar banatuta, Espainiako presidenteak jakitera eman duenez.

Sanchezek azaldu duenez, errekuperatu beharreko ordaindutako baimen horren berri eman die jada sindikatuei eta enpresaburuei.

Batzorde Teknikoaren adituen aholkuei jarraituta hartu duela erabakia azaldu du Sanchezek, eta aurrez agente sozialekin ere hitz egin duela eta "kontziente dira egin behar den esfortzuaz".

Erabakia orain hartu duela esan du, "gizartea prest dagoelako onartu eta lehen pertsonan erantzuteko",  "neurri oso gogorra" izan arren.

Neurri honekin ospitaleetako karga arindu nahi dute eta Zainketa Berezien Unitateetako lan-karga jaitsi. Mugikortasuna mugatu nahi dute, egunerokotasunak asteburuetakoaren antza izan dezan: "Asteburuetako mugikortasun mailara jaisten bagara, geldiarazi egingo dugu pandemia. Elkartasun kolektiboko esfortzua egiten ari gara etsai komunari irabazteko" gehitu du.

Oinarrizkoak diren jarduerek orain arte bezala lanean jarraituko dutela ere nabarmendu du Espainiako presidenteak: nekazaritzak, elikagaien sorrerak eta hornidurak, gai farmazeutikoenak zein osasungintza guztiak.

"Obra batean lanean ari den langilea martxoaren 30etik ez joatea da ideia, eta ordaindutako baimena izango du horretarako. Aldiz, erizain bat lanera joango da" azaldu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;