Itxi

2020/03/31

22:05

Ekonomia

Errege-dekretua

Industria elektrointentsiboak ez du gelditu behar

Agentziak | Erredakzioa

Calviñok industria elektrointentsiboek ez dutela jarduera gelditu behar errege-dekretuaren arabera argitu du, bertan jasotako salbuespenak direla eta.

  • Industria elektrointentsiboa. Argazkia: EiTB

    Industria elektrointentsiboko enpresa bateko irudia. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Nadia Calviño Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Ekonomia Gaietarako ministroak azaldu duenez, industria elektrointentsiboek ez dute beren jarduera gelditu behar Gobernuaren errege-dekretuaren arabera, bertan jasotako salbuespenak direla eta.

Calviñok hainbat autonomia erkidegoren eskaerak izan ditu hizpide Ministroen Kontseiluaren ostean egindako agerraldian, hala nola, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Asturias, funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoa lurralde bakoitzaren errealitatera egokitzeko. Esan duenez, errege-dekretua "oso argia" da laugarren artikuluan, eta enpresei gutxieneko zerbitzuak ezartzen uzten die, jarduera lehenengo 7 egun hauetan jaitsi dadin eta ondoren berpiztu ahal izan dadin bermatzeko, koronabirusaren kutsatze posibleak ahalik eta gehien saihestuz.

Artikulu horrek ezartzen duenez, funtsezkotzat jotzen diren materialak eta zerbitzuak hornitzera bideratuta ez dauden industriek "ezinbesteko gutxieneko jarduera bat mantendu ahal izango dute, lan-txanden bidez edo gutxieneko plantilla kopuruaren bidez, erreferentziatzat asteburuetako edo jaiegunetako jarduera hartuta", edo, hala badagokio, ekoizpen txikieneko aldia. Horrez gain, jardueraren gutxieneko mantentze hori "bereziki preskribatutzat jo behar da zenbait egunez geldialdi luzea egiten duten industria instalazioentzat, baldin eta kalte handiak eragiten badituzte eta, ondorioz, ekoizpena eragozten edo zailtzen badute edo istripuak izateko arriskua sortzen badute".

Calviñoren arabera, industria elektrointentsiboa ezin da gelditu, beraz, jarduera maila txikia eta langileen mugikortasun txikiagoa izan dezakeelaziurtatu behar da. Enpresak direla antolatzeko modurik onena zein den ikusi behar dutenak gaineratu du, eta ez du ikusten zergatik ezin den jarduerari eustea ahalbidetuko duen akordiorik lortu, bezerorik ez galtzea eta kalte handiagoak saihestea jarduera ekonomikoa ahalik eta gehien mugatu den egunen aldi murriztuan.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak astearte honetan azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza "komunikazio lerro beroa" mantentzen ari da zentralarekin, EAEn errege dekretuan jasotako neurriak "malgutasunez" aplikatzen saiatzeko, batez ere industria sektorean. "Errege-dekretuak malgutasun-klausulak ditu, eta zentzuz erabil daitezke", azpimarratu du, zehazki, "ezinbestekoa den jarduera bati eusteko lan-txandak ezartzeko aukeraz hitz egiten duten artikuluak aipatu ondoren, neurriak EAEko zenbait industria-sektoretara egokitzeko aukera emango lukeena".

"EAEn jarduera elektrointentsiboa asteburuetako mailetan mantentzeko lan egiten dugu bereziki. Gure ehun industrialaren zati handi batentzat lorpen estrategiko garrantzitsua litzateke", berretsi du.

Funtsezkoa ez den industriak bere jarduera murriztu behar duela azpimarratu du Marotok

Reyes Maroto Industria, Merkataritza eta Turismo ministroak gogorarazi duenez, funtsezko jardueretan aritzen ez diren enpresa guztiek ahalik eta gehien murriztu behar dute beren jarduera, industria elektrointentsiboa barne, mugikortasuna gehiago murrizteko eta, horrela, herritarren artean koronabirusa hedatzea geldiarazteko.

Moncloa jauregian Salvador Illa Osasun ministroarekin batera emandako prentsaurrekoan, Marotok industriaren balio kateen "konplexutasuna" onartu du, baina funtsik gabeko jardueraren itxierari buruzko Espainiako Gobernuaren dekretua "koherentziaz" interpretatu behar dela nabarmendu du.

Funtsezko sektoreetako balio-katea duen industriak bere jarduera garatzen jarraitu ahal izango duen bitartean, gainerakoek ekoizpen "minimora" egokitu beharko dute. Horien artean siderurgia enpresak daude, asteburuetako jarduera maila propioa edo ahalik eta baxuena izaten jarraituko dutenak.

Ministroaren hitzetan, dekretuaren jarraibideak "oso argiak" dira, eta funtsik gabeko industria guztia "ezinbesteko gutxieneko jarduera baterantz" joan behar dela esan nahi dute, krisia igaro ondoren berpizteko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;