Ekonomia -

KORONABIRUSA

Aldi baterako langileentzako eta etxeko langileentzako diru-laguntzak onartu dituzte

Diru-laguntza kontratua amaitzen zaien aldi baterako langileentzat eta Gizarte Segurantzan izena emanda dauden eta kaleratuak izan diren etxeko langileentzat izango da.

Adineko pertsonen zaintzaile bat. Artxiboko irudia.
Adineko pertsonen zaintzaile bat
Adineko pertsonen zaintzaile bat. Artxiboko irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ministroen Kontseiluak aparteko diru-laguntza bat ezartzea onartu du alarma egoeran kontratua amaitzen zaien aldi baterako langileentzat eta Gizarte Segurantzan izena emanda dauden eta kaleratuak izan diren etxeko langileentzat.

Aldi baterako langileei dagokienez, laguntza horren iraupena hilabetekoa izango da, eta, hala erabakitzen bada, luzatu ahal izango da. Haren zenbatekoa Ondorio Anitzeko Errenten Adierazle Publikoaren (Iprem) % 80 izango da, hau da, 438,88 euro hilean.

Sorospen hori jasotzeko eskatuko den baldintza bakarra iraungitzen den kontratuaren gutxieneko iraupena gutxienez bi hilabetekoa izatea da, eta horrela, alde batera utziko dira noizbehinkako kontratu harremanak.

Neurri horren bidez, alarma egoeran aldi baterako lan-erregulazioko espedienteetan sartu ez diren aldi baterako langileak babesten dira.

Salbuespenezko langabezia diru-laguntza hori bateraezina izango da gutxieneko errenta, gizarteratzeko errenta, gizarte-soldata edo edozein administrazio publikok emandako antzeko laguntzak jasotzearekin, baita dauden langabezia sorospenekin ere.

Onuradunek 10 eguneko epea izango dute diru-laguntza eskatzeko, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak horretarako prozedura onartzen duenetik hasita, behin diru-laguntza eragin duen gertaera gertatzen denean.

Bestalde, etxeko langileen kasuan, enplegatzaileak sinatutako aitorpena edo kaleratze gutuna edo Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko Etxeko Langileen Sistemako baja aurkeztu beharko dira.

Prestazio horren eskubidea "Gizarte Segurantzan baja ematen den egunetik" edo "enplegatzaileak sinatutako erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den egunetik" sortzen da, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan (SEPE) izapidetu daiteke. Izan ere, Gobernuak dioenez, eskaera horien prozedura gaituko du.

Zenbatekoari dagokionez, onuradunak kotizazio oinarriaren % 70 jasoko du, eta lanaldia murriztu bazaio, murrizketa horri dagokion zati proportzionala jasoko du. Gainera, sorospen hori bateragarria dela beste diru-sarrera batzuekin uste du Gobernuak, hala nola, norberaren konturako edo besteren konturako beste soldata batzuk jasotzearekin, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) gainditzen ez bada; baita aldi baterako ezintasunagatiko diru-laguntzarekin edo baimen ordaindu berreskuragarriarekin ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Lana Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Koronabirusa Dirulaguntzak