Ekonomia -

Koronabirusa

Langile autonomoentzako gida lagungarria, COVID-19aren aurrean

Autonomoei laguntzeko onartu diren neurriak eta ezohiko prestazioari buruzko xehetasunak azaltzen ditugu gida arin honetan.

Donostiako Alde Zaharrean dendak, tabernak eta jatetxeak itxita. Argazkia: EFE
Donostiako Alde Zaharrean dendak, tabernak eta jatetxeak itxita.
Donostiako Alde Zaharrean dendak, tabernak eta jatetxeak itxita. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren hedapena geldiarazteko asmoz ezarri diren salbuespeneko neurriek eta konfinamenduaren ondorioz, negozio askok pertsiana jaitsi behar izan dute.

Pandemia honek krisi sozio-ekonomiko larria eragin du eta autonomoak dira, besteak beste, arrisku gehien duten kolektiboa.

Gida honetan sektore horri laguntzeko indarrean jarri diren neurri nagusiak laburbildu ditugu.

Zer da ezohiko prestazioa?

Autonomoei zuzendutako langabezia-prestazio berezi bat da. Alarma egoeragatik negozioa itxi behar izan duen eta martxoko fakturazioan % 75eko galera –aurreko sei hilabeteko bataz bestekoarekin alderatuta- izan duen langileak eskatu ahalko du ezohiko prestazioa.

Zein baldintza bete behar dira prestazioa jasotzeko?

Gizarte Segurantzan izena emanda izatea eta kuoten ordainketa eguneratuta edukitzea. Azken baldintza hori negozioa itxi egin behar izan duzulako edo fakturazioan murrizketa izan duzulako bete ez baduzu, 30 eguneko epea izango dugu ordainketa egiteko. Hala egin ondoren jasoko duzu ezohiko prestazioa.

Gainerako prestazioekin ez bezala, kasu honetan ez da beharrezkoa gutxiengoa kotizatuta izatea.

Zenbat diru jasoko dut?

Hamabi hilabetez kotizatu baduzu, ezohiko prestazioa oinarri erregulatzailearen % 70 izango da. Alabaina, urtebete baino gutxiago kotizatuz gero, zure kolektiboari dagokion kotizazio oinarri minimoaren % 70 izango da jasoko duzun zenbatekoa.

Gauzak horrela, minimoa kotizatzen duten autonomoek 661 euroko gutxiengo diru-laguntza kobratuko dute hilean.

Noiz arte izango dut prestazioa?

Ezohiko prestazioa hilabetez kobratuko duzu. Denbora tarte hori igarota alarma egoerak indarrean jarraituko balu, diru-laguntza jasotzeko epea ere luzatu egingo lukete.

Zer gertatzen da nire ardurapean langileak baditut?

Zure kargupean langileak izan arren ere ezohiko prestazioa eskatzeko aukera izango duzu, betiere goian aipatutako baldintzak betez gero eta aldi baterako lan-erregulazioa aurkeztu ondoren.

Zer gertatzen da kotizazioarekin?

Ezohiko prestazioa jasotzen duzun bitartean ez diozu Gizarte Segurantzari kuotarik ordaindu beharko eta denbora tarte hori kotizatuta bezala agertuko da zure bizitza laboralean. Halaber, laguntza hori jaso izanak ez du eraginik izango etorkizunean beste prestazio batzuk eskatzerakoan.

Non eta nola egin behar da eskaera?

Dagokizun erakunde kudeatzailearekin –mutualitatea, Itsas Gizarte Institutua edo Estatuko Enpleguaren Zerbitzu Publikoa- jarri behar zara harremanetan, telefonoz edo Internet bidez. Erakunde horien webguneetan topatuko duzu eskaera-orria eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazioa.

Ezohiko prestazioa eskatzeko epea apirilaren 14an amaituko da, baina alarma egoera luzatuko balitz, epemuga hori ere egokitu egingo lukete.

Zein beste neurri hartu dituzte autonomoei laguntzeko?

Ezohiko prestazioa indarrean jartzearekin batera, Espainiako Gobernuak beste hainbat neurri ere hartu ditu langile autonomoen zama ekonomikoa arintze aldera. Hona hemen horietako batzuk:

1. Maiatzean, ekainean eta uztailean egin beharreko kotizazioak sei hilabetez eta interesik gabe atzeratzeko aukera.

2. Apirileko kuota maiatzaren 20ra arte atzeratzeko aukera, baldin eta urteko fakturazioa 600.000 euro baino gutxiagokoa bada.  

3. Alarma egoera baino lehen Gizarte Segurantzarekin pilatutako zorrak kitatzeko epea ekainaren 30era artea atzeratzea.

4. Etxebizitzaren hipotekaren ordainketa hiru hilabetez atzeratzeko aukera. Lokalaren edo bulegoaren hipotekarekin ere gauza bera egin daiteke.  

5. Argindarraren eta gasaren ordainketak bertan behera utzi eta alarma egoera amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan ordaintzeko aukera. Kontratu horiek penalizaziorik gabe aldatzeko eta aldi baterako baliogabetzeko aukera ere badago.

Zure interesekoa izan daiteke: Espainiako Gobernuak hartutako neurri gehiago

Zeintzuk dira Eusko Jaurlaritzak onartutako laguntzak?

Eusko Jaurlaritzak ere hainbat neurri onartu ditu alarma egoeraren ondorioz jarduera eten behar izan duten autonomoei laguntzeko. Gehienez 3.000 euro jasoko du eskatzaile bakoitzak, Jaurlaritzak aurreikusi duen 3 milioi euroko mugara iritsi arte.

Diru-saila ezin da handitu; beraz, eskaerak egiten dituztenen hurrenkeran aztertuko dituzte.

Nork jaso ditzake laguntzak?

Enpresari eta profesionalek jaso ahal izango dute diru-laguntza, ondasun komunitateko kideekin eta elkarte zibilekin batera, etxebizitza soziala eta fiskala eta enpresaren jarduera EAEn badute.

Era berean, baldintza jakin batzuk betetzen dituen lokal bat izan beharko dute, edo bere jarduera bertan behera geratu den horretara mugatzea.

Zure interesekoa izan daiteke: Nola eskatu behar da Lanbideren laguntza?

Eta zeintzuk dira Nafarroako Gobernuak eskaintzen dituen laguntzak?

Koronabirusaren pandemiak eragindako ondorioei aurre egiteko hainbat neurri biltzen dituen foru lege dekretua onartu du Nafarroako Gobernuak.

Besteak beste, alarma egoeragatik jarduera eten edo fakturazioan galerak izan dituzten langile autonomoei zuzendutako diru-laguntzak onartu dituzte. Lehendabiziko kasuan, laguntza 2.200 eurokoa izango da; eta bestean, 700-800 eurokoa.

Zein baldintza bete behar dira dirua jasotzeko?

Negozioa itxi behar izan duten autonomoei zuzendutako ezohiko prestazioa jasotzen duten pertsonek eskatu ahalko dute 2.200 euroko laguntza, baina horretarako hainbat baldintza bete beharko dituzte: bizilekua Nafarroan izatea; zergen ordainketa eguneratuta izatea; aurten enplegua sustatzeko laguntzarik jaso ez izana; edo prestazioa jasotzeari utzi eta gero, gutxienez beste urtebetez autonomoen erregimenean izena emanda jarraitzea.

Bigarren diru-laguntza fakturazioan gutxienez % 30eko galera izan duten autonomoei zuzenduta dago. Familiaren errentaren arabera, laguntza 700 edo 800 eurokoa izango da.

Halaber, zenbatekoak gora egingo du, autonomo horrek bere ardurapean dauzkan seme-alaba, adineko eta menpeko pertsona kopuruaren arabera.  

Noiz eta nola egin behar dira eskaerak?

Garapen Ekonomikoko departamentuak berak jakinaraziko du, telematikoki, noiztik aurrera egin ahalko diren laguntzak jasotzeko eskaerak. Foru Gobernuak aurreratu duenez, alarma egoera amaitu eta hurrengo hilabeteko azken egunera bitartean eskatu ahalko dira laguntzak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Langabezia Lana Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Laguntza publikoak