Ekonomia -

Moncloan bildu eta gero

Salgado: 'Espainiako zorraren gaineko tentsioek jarraituko dute'

Horregatik, Gobernuaren "kezka" azaldu du Ekonomia ministroak. Espainiako arrisku-saria 385 kokatu da astezken honetan, baina 407 puntutan izan da saioan.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentea eta Elena Salgado Ekonomia ministroa EFE
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentea eta Elena Salgado Ekonomia ministroa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentea eta Elena Salgado Ekonomia ministroa EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako zorraren gaineko tentsioek datozen egunetan jarraituko dutela adierazi du gaur Elena Salgado Ekonomia ministroak. Horregatik, Gobernuaren "kezka" azaldu du Salgadok.

Salgado Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentearekin bildu da arratsaldean, Moncloako jauregian. Finantza-merkatuetan Espainiako zorra jasotzen ari den zigorra aztertu dute agintariek. Espainiako arrisku-saria 385 puntutan kokatu da astezken honetan, baina 407 puntutan izan da une askotan.

Presidenteordearen hitzetan, AEBek zorraren muga handitzeko izan dituzten arazoek tentsioak eragin dituzte, eta baita abuztuan merkatuetan izan ohi den negozi bolumen txikia ere.

Azken goi-bilerako neurriak berehala aplikatzea

Salgadoren ahotan, Gobernua egoera "kezkaz eta erantzukizunez" jarraitzen ari da. Zorraren merkatuak sortutako arazoei aurre egiteko hiru neurri azaldu ditu presidenteordeak: uztailaren 21ko Kontseilu Europarrean lortutako akordioak berehala aplikatzea, erreformekin jarraitzea eta defizita betetzea Espainian.

Jose Blanco Gobernuko bozeramaileak Salgado lagundu du prentsaurrekoan. Ekonomia ministroak azaldu duenez, "zuhur eta zain izango gara" lurrunkortasunak datozen egunetan jarrai dezakeelako, merkatuak likidezia falta duelako.

Gastuaren murrizketa gehiago aplikatzea baztertu du Salgadok.

Burtsa

Espainiako burtsak % 0,85ko beherakadarekin itxi du asteazken honetako saioa. Horrela, 9.000 puntutan kokatu da, urteko berri minimo bat lortuz, AEBetako langabezi datu txarrek eta zorraren merkatuaren aldakortasunak bultzatuta. Halaber, Espainiako arrisku saria 385 puntutan kokatu da. Ekitaldi honetako pilatutako galerak % 8,33koak dira.

Europako txanpona 1,43 dolarretan kokatu da eta burtsa nagusienek behera egin dute Madrilgo plaza itxi baino lehen: Londresek, % 2,3; Parisek, % 1,65; Milanek, % 1,5; Frankfurtek, % 1,05; eta Euro Stoxx indizeak, % 0,7.

Espainiako merkatuko balore handiek ere galerak izan dituzte tartean, Repsolek (% 1,44), Santenderrek (% 1,22) eta BBVAk (% 0,82). Telefonicak atzoko kotizazioa errepikatu du eta Iberdrolak, berriz, % 0,2 egin du gora.

Egun aldakorra burtsetan

Gaurko eguna ezegonkortasun handikoa izan da Espainiako burtsan. Hainbat baldintzek eragin dute asteazken honetako beherakada tartean, Wall Streetek bart izandako % 2,2ko beherakadak, Tokiok ere % 2,1 galdu izanak eta zorraren merkatuaren egoerak. Azken honek Espainiako arrisku saria 407 puntutaraino igotzea ekarri du.

Hala ere, Societe Generalek egindako aurreikuspen txarrak ez dira bete eta burtsak gora egin du: ireki denetik ordubetera irabaziak izan ditu, finantza-merkatuen egoera bideratzeko ekintza politikoak areagotu diren bitartean. Gauzak horrela, burtsak % 1 egin du gora, 9.250 puntutan kokatuz.

Madrilgo burtsa itxi baino ordubete lehenago 200 puntu galdu ditu eta, hain justu, 9.000 puntutan kokatuta itxi du gaurko saioa. Petrolioaren prezioaren beherakadak (Brent upelaren prezioa 2 dolar merketu zen) eta AEBetako zerbitzuen sektorearen jardueraren beherakadak eragin dute beherakada hau.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea