Politika -
Egoera ekonomikoagatik
PPk hauteskundeak gehiago aurreratzeko eskatu dio Zapaterori
EAJk, berriz, Elena Salgado Ekonomia ministroaren agerraldia eskatu du egoera ekonomikoa "benetan larria" dela eta.
Erredakzioa
Cristobal Montoro PPren Ekonomia koordinatzaileak Zapateroren Gobernuari berehalakoan "erreakzionatzeko" eskatu dio arrisku sariak 400 puntuak gainditu izanak Espainia "oso egoera larrian" dagoela agerian uzten duela argudiatuta.
Bere ustez, Jose Luis Rodriguez Zapaterok hauteskundeak azaroaren 20ko data baino lehenago deitu behar ditu.
"Gobernuak erreakzionatu egin beharko luke, neurriak hartu eta baita hauteskundeei begirako egutegiari dagokionez ere, lau urte krisi ekonomikoan murgilduta egon eta gero ezin baitugu garatutako herrialdeen arteko ahulenen zerrendan jarraitu", adierazi du Montorok COPE irrati katean.
PPko buruzagiaren aburuz, merkatuak Espainia "zigortzen" ari dira, ekonomiaren hazkuntzan eta "zorra murrizteko duen gaitasunean" zalantzak dituztelako.
Espainiako Gobernua "erratu" egin dela dio Montorok, hauteskundeak lehenago ez deitu izanagatik, bere ustez "denbora gehiegi" eman zaio eta ondorioz, "mesfidantza areagotzen da" eta Espainia "ahulagoa" bihurtzen ari da.
EAJk Salgadoren agerraldia eskatu du
Pedro Azpiazu EAJren Kongresuko Ekonomia bozeramaileak Espainiaren egoera "benetan larria" dela adierazi du eta Diputatuen Kongresuan ezohiko bilkura bat egitea ez zaiola "gaizki" iruditzen azaldu du. Elena Salgado Ekonomia ministroak, hain zuzen, Ekonomia Batzordearen aurrean agerraldia egin beharko lukeela dio egungo egoeraren inguruko azalpenak emateko.
Azpiazuren ustez, egoera nahiz eta "kritikoa" izan ez da "berria", "aurreikusten" zelako. "Arrisku sariarekin eta egoera ekonomikoarekin gehiegi ari ginen jolasean, baina hau gero eta okerrago ari da jartzen", erantsi du.
Egoera honen aurrean "zerbait egin" behar dela dio eta, bere ustez, beharrezkoa da "europak erantzun sendo bat" ematea.