Ekonomia -

Pandemia

EH Bilduren ustez “ausarkeria” da oinarrizkoa ez den lanera itzultzea “bermerik gabe”

Alarma egoeraren luzapenaren bozketan abstenitu egingo dira, "beharrezkoa" delako, baina neurriak ez direla "nahikoa" uste dute.

Mertxe Aizpurua EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea. Argazkia: Efe
Mertxe Aizpurua EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea. Argazkia: Efe
Mertxe Aizpurua EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mertxe Aizpurua EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak iragarri du abstenitu egingo direla alarma egoera apirilaren 26ra arte luzatzeko bozketan, datorren ostegunean, "beharrezkoa" dela iritzita, baina neurriak ez direla "nahikoa" uste du. Gainera, ohartarazi du "ausarkeria bat" dela oinarrizkoa ez den jardueraren geldialdia amaitzea "bermerik gabe".

Azaldu duenez, EH Bildu abstenitu egingo da Diputatuen Kongresuan bozkatuko dituzten hiru errege dekretuen kasuan ere, "aurreikusten diren neurriak baino gehiago behar direlako eta gehiago egin daitekeelako".

Telematikoki egindako agerraldi batean diputatuk ohartarazi duenez, "goizegi" da konfinamendua altxatzeko "langileen osasunerako eta segurtasunerako bermerik gabe", eta berretsi du "ausarkeria bat" izango dela "bermerik gabe" oinarrizkoa ez den jarduera martxan jartzea. Horregatik, kezka agertu du "amaierara azkar iritsi" nahi dutelako, "zuhurtziaz" jokatu behar denean.

"Badakigu alarma egoera luzatu egin behar dela, ados gaude. Beste 15 egun luzatu behar da, baina badakigu beharrezko neurriak denok batera hartzen ez baditugu, hamabost egun barru berriro Kongresuan egongo garela beste luzapen baterako", adierazi du.

Haren esanetan, "gaur egun, ez dago baldintzarik oinarrizkoak ez diren jarduera ekonomikoen konfinamendua altxatzeko eta langile guztien osasuna bermatzeko".

"Uste dugu oinarrizko jarduerara itzultzeko prozesua modu mailakatuan egin beharko litzatekeela, baina langileei dagozkien osasun bermeekin eta eraginkortasunarekin", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Lana Gaixotasunak Gizartea Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma-egoeraren amaiera