Ekonomia -

Koronabirusa

Nafarroako autonomoek 2.200 euro arteko diru-laguntzak eskatu ahalko dituzte

Alarma egoera dela eta, jarduera eten behar izan duten edo fakturazioan galerak izan dituzten langile autonomoei zuzendutako laguntzak onartu ditu Nafarroako Gobernuak.

Bi langile fruitu eta barazki denda batean, Iruñean. Argazkia: EFE
Bi langile fruitu eta barazki denda batean, Iruñean.
Bi langile fruitu eta barazki denda batean, Iruñean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemiak eragindako ondorioei aurre egiteko hainbat neurri biltzen dituen foru lege dekretua onartu du gaur goizean Nafarroako Gobernuak.

Besteak beste, alarma egoeragatik jarduera eten edo fakturazioan murrizketa izan duten langile autonomoei zuzendutako diru-laguntzak onartu dituzte. Lehendabiziko kasuan, laguntza 2.200 eurokoa izango da; eta bestean, 700-800 eurokoa.

Nafarroan 47.000 autonomo inguru daude eta horietako 10.000ak 2.200 euroko laguntza eskatzeko baldintzak betetzen dituztela kalkulatu dute.

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Manu Ayerdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak agerraldia egin dute aipatu neurriei buruzko xehetasunak emateko.

Zure interesekoa izan daiteke: Langile autonomoentzako gida lagungarria

Negozioa itxi behar izan duten autonomoei zuzendutako ezohiko prestazioa jasotzen duten pertsonek eskatu ahalko dute 2.200 euroko laguntza, baina horretarako hainbat baldintza bete beharko dituzte: bizilekua Nafarroan izatea; zergen ordainketa eguneratuta izatea; aurten enplegua sustatzeko laguntzarik jaso ez izana; edo prestazioa jasotzeari utzi eta gero, gutxienez beste urtebetez autonomoen erregimenean izena emanda jarraitzea.

Bigarren diru-laguntza fakturazioan gutxienez % 30eko galera izan duten autonomoei zuzenduta dago. Familiaren errentaren arabera, laguntza 700 edo 800 eurokoa izango da. Halaber, zenbatekoak gora egingo du, autonomo horrek bere ardurapean dauzkan seme-alaba, adineko eta menpeko pertsona kopuruaren arabera.  

Garapen Ekonomikoko departamentuak berak jakinaraziko du, telematikoki, noiztik aurrera egin ahalko diren laguntzak jasotzeko eskaerak. Foru Gobernuak aurreratu duenez, alarma egoera amaitu eta hurrengo hilabeteko azken egunera bitartean eskatu ahalko dira laguntzak.

Kuoten ordainketak atzeratzeari dagokionez, Nafarroako Gobernuak azpimarratu du eskumen hori ez dagoela bere esku eta horrelako neurriak hartzea Espainiako Gobernuari dagokiola zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Langabezia Nafarroa Lana Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera