Ekonomia -

Zalantzak

Espainiako burtsak % 5,49 galdu du, Wall Streetek lagunduta

2010eko maiatzean lortutako beherakadarik handiena jaso du Madrilgo plazak. Europako gainontzeko burtsek ere behera egin dute, Wall Streetek bezala. New Yorkeko burtsak % 4,63 egin du behera.

Ibex 35 indizearen grafiko bat. Argazkia: EFE
Ibex 35 indizearen grafiko bat. Argazkia: EFE
Europako burtsek behea jo dute berriro

01:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2010eko maiatzean lortutako beherakadarik handiena jaso du Espainiako burtsak. Horrela, Madrilgo plazak % 5,49 egin du behera eta 8.000 puntuen muga galdu du. Asteazken honetako saioa irekitzean, Wall Streetek galerak izan ditu eta horrek hondora eraman ditu Europako burtsa gehienak tartean, Espainiakoa.

Galerak izan dituen Espainiako burtsaren bederatzigarren saioa izan da asteazken honetako. Ibex 35 indizeak 462,90 puntu egin du behera eta 7.966 puntutan kokatu du, urteko minimo berri bat lortuz. Arrisku sariak, berriz, gora egin du eta saioaren amaierarako, 285 puntutan kokatu da. Urte honetan pilatutako galerak % 19,2koak dira.

Esan bezala, Wall Streetek ere egun beltza izan du asteazken honetan. Dow Jones indizeak % 4,63 galdu, 10.720 puntutaraino. New Yorkeko merkatuko balore batek ere ez du irabazirik lortu. Kasurik deigarriena Bank of Americakoa izan da: % 10,66 galdu du asteazken honetako saioan.

Galera handiak Europako burtsa gehienetan

Europako gainontzeko burtsetan ere galera handiak izan dira. Frankfurtek eta Milanek galerarik handienak jaso dituzte (% 6 baino gehiago), Parisek % 5,45 eta Londresek % 3 baino gehiago.

Susperraldiaren zantzuak erakutsi zuten burtsek saioaren lehenengo partean, % 1eko igoerekin, interes-tasak baxuak mantentzeko AEBetako Erreserba Federalak hartutako erabakiak lagunduta.

Europako merkatuetako valoren negoziazioa itxi baino ordubete lehenago, Dow Jones indizeak % 4 galdu du eta horrek Europako burtsak eraman ditu hondora. Gainera, baliteke arriskua neurtzen duten agentziek Frantziako zorraren kalifikazioa jaistea eta horren inguruko zurrumurruak izan dira merkatuetan. Honen ondorioz, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak oporraldia eten du eta Frantziara itzuli, herrialdearen egoera ekonomikoa aztertzeko.

Saio oso aldakorra

Europako burtsetan zalantza da nagusi, beste behin, saioa oso aldakorra izan da. Hala, Wall Streeten eta Asiako merkatuen itxiera positiboari jarraituz gogotsu hasi dute eguna, igoera indartsuekin, baina orduek aurrera egin ahala irabaziak ahulduz joan dira eta indize batzuek zenbait unetan ezin izan diote positiboari eutsi.

Hala, Ibex 35ek, esaterako, % 1,5eko igoerarekin ekin dio gaurko saioari, baina suspertze hori apurka-apurka moteltzen joan da eta une batean galeren bidean sartzeraino.

Europako gainerako indizeen joera ere aldakorra izan da. Saioaren hasieran, Parisko eta Londresko burtsek, adibidez, % 2rainoko irabaziak izan dituzte, baina igoera horiek indarra galdu dute nabarmen.

AEBetako Erreserba Federalak interes tipoak 2013 arte "baxu" mantenduko zituela erabaki zuen atzo, eta ondorioz, New Yorkeko burtsak pozarren egin zuen gora. Erabaki horren buitzadari esker asteleheneko % 5eko jaitsiera indartsutik ia errekuperatzea lortu zuen, % 4ko igoera egitea lortu baitzuen.

Ibex 35ek, berriz, % 0,36 galdu zuen atzoko saioan, ez zion Wall Streeten gorakadari probetxurik atera. Jarraitu burtsen bilakaera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea