Ekonomia -

Koronabirusa

Donostiak 2,6 milioi euro prestatu ditu taberna, jatetxe eta saltoki txikientzat

Udalak "plan integral bat" jarriko du martxan sektore horientzat, eta, laguntza ekonomikoez gain, "orientazio eta laguntza zerbitzua" eskainiko du.

Donostiako Parte Zaharrean dauden establezimenduak, itxita. Argazkia: EFE
Donostiako Parte Zaharrean dauden establezimenduak, itxita.
Donostiako Parte Zaharrean dauden establezimenduak, itxita. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak 2,6 milioi euroko laguntza prestatu du hiriko taberna, jatetxe eta saltoki txikientzat. Laguntza horiek datorren astelehenetik aurrera eskatu ahalko dira, eta "plan integral" baten parte dira. Plan horrek jarduera zehatzak aurreikusten ditu establezimendu horiek ireki ahal izateko.

EAJren eta PSE-EEren gobernu taldeak egindako aurreikuspenen arabera, koronabirusak eragindako pandemiaren ondoriozko krisi ekonomikoak "eragina" izango du bere diru-kutxetan, "ez da 70 milioi eurotik beherakoa izango", eta, beraz, "lehentasunak" ezarri beharko dira, Eneko Goia alkateak iragarri duenez, Marisol Garmendia Hiri Proiektuen zinegotziarekin batera egindako agerraldian.

Goiak esan duenez, Udalak "ahalegin guztiak" egingo ditu gizarte-ekintzaren arloaren beharrak bermatzeko eta zerbitzuen sektorea babesteko, "horrek aberastasuna eta enplegua sortzen baitu hirian"; gainera, koronabirusaren krisiaren ondorioak "modu zuzenagoan eta ziurrenik luzaroago pairatuko ditu".

Testuinguru horretan, Udalak "plan integral bat" jarriko du martxan sektore horientzat, eta, laguntza ekonomikoez gain, "orientazio eta laguntza zerbitzua" eskainiko du saltoki txikiak eta tabernek "pertsiana igo" dezaketen unerako; izan ere, Garmendiaren arabera, negozio horiek egoera berrira egokitu beharko dute, "berrasmatu" beharko dute eta "gauza berriak" garatu beharko dituzte.

Horregatik, Udala "hurrengo egunerako" prestatzen ari da jada inplikatutako sektore horiekin "lankidetzan", besteak beste, Interneten establezimendu guztiak biltzen dituen atari bakar bat irekitzeko asmoz, dagoeneko egiten ari diren ekimen guztiak eta sortzen diren beste batzuk bilduko dituena, hala nola online salmenta, etxez etxeko zerbitzua eta eskaintzak. "Amazon donostiar moduko webgune bat izango da", Garmendiaren hitzetan.

Gainera, "kontsumo bonuak" jaulkiko dituzte erosketak handitzeko, 2021eko lehen hilabeteetan ere erabili ahal izango direnak (Udalak % 30eko hobaria emango du), eta ostalaritzako langileentzako online prestakuntza ezarriko da, 45 urtetik gorako langabetuentzako ildo espezifiko batekin.

Donostiak 2.622 saltoki txiki ditu, 8.722 pertsonak egiten dute lan bertan, eta BPGaren % 8,5 ordezkatzen du. Ostalaritzak, berriz, 1.440 establezimendu ditu, 8.326 langilerekin, hau da, BPGaren % 6,5, Goiak jakinarazi duenez.

Lehen urrats gisa, 2,6 milioi euroko laguntza onartu dute. Apirilaren 27tik maiatzaren 6ra eskatu ahalko da, eta, Garmendiaren arabera, aipatutako sektore horietako negozioei zuzenduta dago, betiere 10 langile baino gutxiago dituztenei, itxierak iraun bitartean gastu finkoak "arindu" ahal izan ditzaten.

Zinegotziak zehaztu duenez, Intxaurrondoko, Altzako, Egiako, Loiolako eta Herrerako auzoetako negozioek izango dute lehentasuna, baita "egoera ahulean" dauden emakumeek zuzentzen dituzten negozioek ere.

Ildo horretatik, "azkar eta eraginkortasunez" jokatzeko ahalegina egingo dute, eskaerak "ahalik eta burokrazia txikienarekin" aztertuz, eta laguntzak eskatzen dituzten pertsonek 20 eguneko epean jaso ahalko dituzte ekarpenak, Garmendiaren esanetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Krisi ekonomikoa Donostia Gipuzkoa Eneko Goia Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Aisia Erizaintza Sendagaiak Enpresaburuak Koronabirusa Dirulaguntzak gaur