Ekonomia -

Koronabirusa

LAB: "Langileen osasuna zaintzeko aukera paregabea galdu du Eusko Jaurlaritzak"

Sindikatuaren iritziz, "neurri orokor asko eta zehaztapen gutxi" jaso dituzte jarduera abiatzeko gidan. Halaber, Jaurlaritzak multinazional handiak "lehenesten" dituela ziurtatu du.

Langile bat Bilbon. Argazkia: EFE
Langile bat Bilbon.
Langile bat Bilbon. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuaren iritziz, "langileen osasuna zaintzeko asmoz salbuespenezko neurriak hartzeko aukera paregabea galdu du Eusko Jaurlaritzak". Izan ere, enpresetan kontrol gehiago jarri ordez "patronalaren eskutik jarraitzea" eta "osasunaren defentsa langileen esku uztea" erabaki du.

Prentsaurreko telematiko batean, Eulate Zillonizaurrekoetxea LABeko Industria Federazioko idazkariak salatu du Eusko Jaurlaritzaren jarduera abiatzeko gidak "porrot" egin duela, multinazional handiak "lehenesten" dituelako funtsezko zerbitzuen eta osasunaren alde egin beharrean.

Bere esanetan, "neurri orokor asko eta zehaztapen gutxi" jasotzen dituzte gida horretan. Sindikatuak orain arte jarritako salaketei erantzunik ez ematea leporatu dio Jaurlaritzari.

Horren harira, "funtsezkoa ez den jarduerari berrekin aurretik dozena bat salaketa baino gehiago aurkeztu ziren, eta lau erantzun baino ez dira egon, eskuak garbitzeko". Hala, bide horrek ez duela "ezertarako" balio uste du LABek, eta, ondorioz, "langileek enpresetan duten borrokan" jarri behar da arreta, baina horrek ez du esan nahi "salaketa gehiago" jarriko ez dituztenik, Volkswagenen azpikontraten aurka aurkeztuko dutena bezala.

"Nola da posible hainbeste egunen ondoren funtsezko jarduerei buruz jarritako salaketak oraindik erantzun gabe egotea?", galdetu du sindikatuak. "Ez dugu non salatu, ezta langileen osasuna babestuko duen inor ere", gaineratu du.

Hori dela eta, jarduerari berrekiteko planen jarraipena egiteko "neurri zehatzak" har ditzala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta argitu dezala koronabirusaren aurrean "behar adina neurri hartzen ari ez diren enpresekin zer gertatuko den".

Gainera, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari gogorarazi dio "osasunari eta ekonomiari buruzko eztabaida aurretik" datorrela, eta "AHTn hainbeste diru eta osasunean hain gutxi inbertitzea orain agerian" dagoela.

LABen ustez, "jarduera suspertzeko eta oinarrizko zerbitzuetako langileen osasuna ez bermatzeko helburuak nabarmenago egiten du hori". Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hartutako erabakiak ere kritikatu ditu, "patronalaren eskutik doazelako".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gaixotasunak Salaketak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Sindikatuak Erizaintza Sendagaiak Enpresaburuak Koronabirusa