Ekonomia -

Koronabirusa

Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertain zein autonomoentzako finantzaketa handitu du

Maileguen interesak eta abalen kostuak estaltzeko diru-laguntzak eta konpromiso kredituak sortzea ere baimendu du Eusko Jaurlaritzak.

Finantzaketa-lerro horrek egiturako gastu finkoei estaldura eman nahi die. Argazkia: EFE
Langile bat taberna batean.
Finantzaketa-lerro horrek egiturako gastu finkoei estaldura eman nahi die. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertainei, mikroenpresa txiki eta ertainei zein autonomoei laguntzeko finantza-programa mila milioi euroraino handitzea onartu du. Programa horri esker, sei hilabeteko likidezia eta zirkulatzailea finantzatzeko beharrei erantzuteko maileguak formalizatu ahal izango dira.

Neurri horrez gain, Jaurlaritzak maileguen interesak eta abalen kostuak estaltzeko diru-laguntzak eta konpromiso-kredituak sortzeko baimena eman du astearte honetan, guztira 39,4 milioi euro, 2020tik 2025era bitartean Eusko Jaurlaritzak berak jasango dituenak.

Maileguen zenbatekoa 5.000 euro eta milioi bat euro artekoa izango da enpresa txiki eta ertainentzat, eta 5.000 eta 100.000 euro artekoa mikronpresa txiki eta ertainentzat eta autonomoentzat. Mailegu amortizagarriek % 0ko interesa izango dute, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen baititu. Mailegu-eragiketen epea 5 urtekoa da (aukerako urtebeteko gabealdiarekin). Gainera, Euriborraren % 0,50eko diferentziala aplikatuko zaio, likidazioa hiru hilean behin egingo da eta Elkargik ez du inolako komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko.

Finantzaketa-lerro hori Elkargiren bidez gauzatu da, eta enpresen eta autonomoen egitura-gastu finkoei estaldura eman nahi die, enpresa-ehunean duten garrantzia, ekoizpen-jarduera osoan dituzten ondorioak eta handizkako finantzaketa-merkatuetan edo kreditu-erakundeen ildo tradizionaletan sartzeko gaitasun erlatibo txikiagoa dutela kontuan hartuta.

Betebeharrak

Programetara sartu ahal izango dira 250 pertsona baino gutxiago enplegatzen dituzten Euskadiko enpresa txiki eta ertainak, baldin eta horien urteko negozio-bolumena ez bada 50 milioi eurotik gorakoa edo urteko balantze orokorra ez bada 43 milioi eurotik gorakoa. Gainera, onuradunek ezingo dute aurrez azaldutako baldintzaren bat betetzen ez duen beste enpresa baten % 25eko edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa izan.

Enpresak Euskadin egon beharko dute, eta alta emanda egon beharko dute norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzako erregimen berezian. Gainera, PFEZari lotutako jarduera ekonomiko edo profesionalen etekinak lortu beharko dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak izango dira espazio itxietan eta kalean, 2 metroko segurtasuna gorde ezin bada, baita garraio publikoan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Koronabirusa