Ekonomia -
Koronabirusa
Bizkaiak 10 milioi euro emango dizkie enpresei mikrokreditutan krisiari aurre egiteko
Teknologia alorreko startupei, gehienez 5 urte dituzten enpresei eta asko jota bost langile dituzten enpresei zuzenduta daude maileguak.
agentziak | erredakzioa
Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri du Bizkaia Aurrera! mikrokreditu programa, pandemiaren eragin ekonomikoari aurre egiteko lurralderako aurreikusi duen larrialdi planeko neurrietako bat.
Seed Capital Bizkaia Mikroren bitartez, foru erakundeak 10 milioi euro jarriko ditu Bizkaiko enpresa sarearen esku. Gehienez 7.500 euroko maileguak izango dira, eta "baldintza onetan", enpresa txikientzat, bereziki startupentzat.
Aldundiak azaldu duenez, neurri horrekin aurre egin nahi die "COVID-19aren eraginez enpresek egin behar izan dituzten antolaketa, ekoizpen eta merkataritza gastuei".
Teknologia alorreko startupei, gehienez 5 urte dituztenei eta asko jota bost langile dituzten enpresa txikiei daude zuzenduta maileguak. Horrez gain, enpresen helbide fiskala Bizkaian egon beharko da nahitaez.
Horrela, enpresek gehienez 7.500 euroko maileguak jasoko dituzte, interesik eta komisiorik gabe, eta berme edo abal pertsonalik aurkeztu beharrik gabe. Amortizazio epea, gehienez ere, 5 urtekoa da, eta kuotak hiruhilekoak izango dira, amortizazioa "kosturik gabe" aurreratzeko aukerarekin.
Mailegu horien eskaerak telematikoki egin beharko dira, Seed Capital Bizkaia Mikroren webgunearen bitartez.