Ekonomia -
Lan gatazka
Kaleratzeak justifikatzeko frogak eskatu dizkio Jaurlaritzak Daewoori
Enpresak hiru txosten eman beharko dizkio lan erregulazioko plana frogatzeko. 10 egun izango ditu dokumentu horiek entregatzeko, eta, une horretatik aurrera, 30 eguneko kontsultaldia hasiko da.
Erredakzioa
Gasteizko Daewooko enpresari lan eta ekonomia txostenak emateko eskatu dio Eusko Jaurlaritzak lan erregulazioko txostena justifikatzeko. Azken horrek 147 pertsona langabezian utziko lituzke.
Eusko Jaurlaritzak gizarte babeseko plana eskatuko du, bertan enpresak ixtearen ondorioak gutxitzeko neurriak zehaztuko ditzan eta langileei lanpostu bat ematea sustatu dezan. Horrez gain, enpresa bideragarria eta lehiakorra izateko plan industrial bat , eta konpainiaren egoerari buruzko analisi ekonomiko bat ere eskatuko dizkiote enpresari.
Enpresako batzordea gaur goizean bildu da Sonia Perez Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordearekin, Xabier Garmendia Garapen Industrialaren sailburuordearekin eta Juan Garayar Sail horretako zuzendariarekin.
Jose De Miguel batzordeko presidenteak azaldu duenez, Lan eta Industria ordezkariek arrazoia eman diote bilera amaitutakoan, enpresak eskatutako dokumentazioa eman ez diela aitortu, eta orain arte emandakoa "sinatuta", eta "zigilatuta" ez dagoela aitortu baitiote. Orain enpresak 10 egun izango ditu dokumentu horiek entregatzeko, eta, une horretatik aurrera, 30 eguneko kontsultaldia hasiko da.
12,1 milioi euro
Bilera honetan, duela 14 urte enpresa Gasteizen jarri zenetik Hego Koreako multinazionalak 5,3 milioi euro jaso dituela jakin du Daewooko langile batzordeak. Europar Batasunak ere 6,8 milioi eman zizkion, eta horri Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzak gehitu behar zaizkio, batzordeko zuzendariak azaldu duenez.
Bestalde, Daewooko hainbat langilek kontzentrazio bat egin dute bilerak iraun duen bitartean, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan, eta, hori amaitu ondoren, elkarrizketaren emaitzarekin pozik azaldu dira.