Ekonomia -

Laguntzak

Laguntzak jasotzen dituzten nafarrek gutxieneko diru-sarrera automatikoki jasoko dute

Dirulaguntza horren kopuruan ez da aldaketarik egongo, eta errenta bermatua jasotzen duten 11.500 familia-unitateetako kideek orain arte jasotako laguntza ekonomiko bera jasoko dute.

Pertsona bat Iruñean (Nafarroa), bere txakurrarekin paseatzen. Argazkia: EFE
Pertsona bat Iruñean (Nafarroa), bere txakurrarekin paseatzen.
Pertsona bat Iruñean (Nafarroa), bere txakurrarekin paseatzen. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan dagoeneko errenta bermatua jasotzen duten 11.500 familia-unitateetako kideek ez dute inolako tramiterik egin behar astelehenetik herritarren eskura dagoen bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eskatzeko.

Eskabidea ofizioz izapidetu ahal izateko baimena eskatu die jada Eskubide Sozialetako Departamentuak Nafarroan errenta bermatua jasotzen duten pertsona guztiei. Horrela, dirulaguntza hori jasotzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Nafarroako Gobernuak onuradunen zerrenda igorriko dio Gizarte Segurantzari, prestazio berria jasotzeko eskubidea onar dezan eta herritarrek dagokien laguntza ahalik eta lasterren jaso dezaten. Hala, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, errenta bermatua jasotzen duten familiek baimena eman dute jada.

Eskubide Sozialetako Departamentuaren arabera, jasotako dirulaguntza horren kopuruan ez da aldaketarik egongo, orain arte emandako laguntza ekonomiko bera jasoko baitute aurrerantzean; izan ere, bi dirulaguntza horiekin jasotakoaren batura orain errenta bermatuarekin bakarrik jasotakoaren berdina izango da.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuak gaur egun errenta bermatua jasotzen dutenen zenbatekora iritsi arte egon daitekeen aldea ordainduko die bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko eskubidea duten herritarrei.

Nafarroan, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera lehen aldiz eskatu nahi dutenek Espainiako Gobernuaren Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren webgunean dute eskuragarri informazio guztia.

Ministerioak adierazi duenez, eskaera egiten dutenek beharrezko informazioa eta dokumentazioa epe barruan aurkezteko aukera izan dezaten, lehen hiru hilabeteetan (2020ko irailaren 15era arte) onartutako eskaeren kasuan, ekainaren 1eko atzeraeraginarekin emango dira dirulaguntzak, betiere baldintzak epe horren barruan betetzen badira.

Bestalde, gaur egungo osasun arloko egoera dela eta, Gizarte Segurantzaren Arreta eta Informazio Zentroak itxita daude herritarrak artatzeko, eta, beraz, eskaera aurkezteko Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoaren zerbitzuak erabiltzea gomendatu du Eskubide Sozialetako Departamentuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nafarroa Lana Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Lan Eskaintzak Dirulaguntzak Euskadin