Politika -

Akordioa

EAEk eta Nafarroak zuzenean kudeatuko dute Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera

EAJk akordioa itxi du Espainiako Gobernuarekin Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren eskumena urriaren 31a baino lehen geldi dadin Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku.

Aitor Estebanek (argazkian, Sanchezekin) gaur arratsaldean aletuko du akordioa. Argazkia: Efe.
Aitor Esteban, Pedro SanchezekinA
Aitor Estebanek (argazkian, Sanchezekin) gaur arratsaldean aletuko du akordioa. Argazkia: Efe.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak oso-osorik kudeatuko dute Espainiako Gobernuak ostiralean onartuko duen Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera. EAJk akordioa itxi du Espainiako Gobernuarekin, diru sarrera horren aurrean EAEko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Nafarroako Gizarteratzeko Errenta gotortzeko.

ETBk jakin ahal izan duenez, Andoni Ortuzarrek eta Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak gaur goizean itxi dute hitzarmena, hainbat astean Eusko Jaurlaritzarekin ere negoziatu eta gero. Akordioaren arabera, urriaren 31a baino lehen geldituko da Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren esku.

EAJk ohar batean azaldu duenez, “Estatuaren eta EAEren zein Estatuaren eta Nafarroaren arteko aldebikotasuna indartzen eta lurralde historikoen autogobernua finkatzen duen hitzarmen honek Foru Ogasunen berariazkotasuna du helduleku”.

Horrela, jeltzaleen oharraren arabera, Estatuaren gutxieneko diru sarreraren eta EAEko Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren zein Nafarroako Gizarteratzeko Errentaren artean "arlo juridikoan sor litezkeen talka guztiak bideratuta geldituko dira". Horrela, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera oinarrizko errenta ez osagarria izango da, eta EAEk eta Nafarroak euren eskuduntzak baliatuz osatu ahalko dute.

EAJk oso garrantzitsua iritzi dio akordioari: “Maila ekonomikoan, Espainiako Gobernuaren Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerak ez diolako zama gehigarririk ekarriko Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, eta hori ez zegoen argi akordio hau sinatu dugun arte”.

Eskumenei dagokienez, EAJren ustez “gizarte arloko eskumena gordetzen dugu eta, batik bat, Diru sarrerak Bermatzeko Errenta, funtzionatzen duen eta Euskaditik kanpo martxan jartzeko modukotzat aintzat hartzen duten eredua, babesten dugu. Birzentralizatzeko tentazioak dauden garai batean, EAJk lortu duena ez da gutxi”, erantsi dute.

Aitor Estebanek akordioaren nondik norakoak azaldu ditu arratsaldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza albisteak Espainiako Gobernua albisteak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua berriak