Itxi

2020/06/18

17:36

Ekonomia

Koronabirusa

Aldi baterako enplegu-erregulazioko txostenak EAEn: langileek osagarri bat jaso dute

Agentziak | Erredakzioa

20.000 eurotik beherako oinarri arautzailea duten langileei zuzenduta dago neurria, eta 150 euro ordainduko dizkie Eusko Jaurlaritzak. Neurriak 44.000 pertsonari eragin diezaieke.

  • Langile bat kalean lanean

    Jaurlaritzak uztailaren 1etik irailaren 30era arte osatuko ditu. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak, CCOOk, UGTk eta Confebaskek akordio bat lortu dute, eta horren arabera, Jaurlaritzak aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak osatuko dizkie 20.000 eurotik beherako oinarri arautzailea duten langileei: 150 euro edo 100 euro ordainduko dizkie hilero, kontratuaren partzialtasunaren arabera. Neurriak 44.000 pertsonari eragin diezaieke eta hilean 6 milioi euroko kostua izango du exekutiboaren kutxentzat.

Iragarpen hori Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte politiketako sailburuak eta Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuak egin dute prentsaurrekoan, ostegun honetan bertan Elkarrizketa Sozialeko Mahaiko Enplegu Taldeak egindako bileraren ostean.

Agerraldian nabarmendu dutenez, Eusko Jaurlaritzak langile ahulenen eta soldata txikiagoen (20.000 eurotik beherako kotizazio-oinarria dutenen) aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak osatzea erabaki du, COVID-19aren pandemiaren krisiak sortutako egoeraren aurrean.

Artolazabal sailburuak azpimarratu duenez, neurri horrekin, Eusko Jaurlaritzak "errealitate bihurtzen du" Iñigo Urkullu lehendakariak erkidegoetako presidenteen konferentzian iragarri zuen konpromisoa: "Soldata baxuagoak dituzten langileen beharrizan-egoerak arintzen lagunduko duen ahaleginaren zati bat bere gain hartuko du, nahiz eta enpleguari eutsi, lan-kontratuak etenda dituzten bitartean beren errenta erabilgarriak nabarmen murrizten direlako".

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren erabaki horri esker, "normaltasuna pixkanaka berreskuratzeko fasean enplegua indartu eta egoera ahulenean dauden pertsonak babestu ahal izango dira".

Neurria Lanbidek kudeatuko du, eta orain laguntza berri hori arautuko duen araudia landuko du, Gobernu Kontseiluak "ahalik eta azkarren" onartu beharko duen testua, Beatriz Artolazabalek azaldu duenez.

Erregelamendu horrek laguntza horiek eskatzeko prozedura jasoko du, eta sistema telematiko bat ezarriko da, datuak "erraz" biltzeko. Era berean, Lanbidek dagokion ordainketa-prozedura finkatuko du. Sailburuak aurreratu duenez, "langileak ahalik eta gutxien egin beharko du prestazioa eskatu ahal izateko", eta, horretarako, "azkar" lan egingo dute deialdian, sindikatuekin eta Confebaskekin batera.

Uztailaren 1etik irailaren 30era arte, hasiera batean, osatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Enplegu-erregulazioko espedientera sartzeko unean hileko 1.666 euroko edo gutxiagoko kotizazio-oinarriaren zifra horretatik beherako soldatak dituzten pertsona guztiek (ezinbesteko arrazoiak edo egoera teknikoak, ekonomikoak, antolakuntzakoak edo produktiboak izan) osagarriaren zenbateko bera jasoko dute Eusko Jaurlaritzaren aldetik, lanaldiaren partzialtasunaren arabera.

Horrela, lanaldiaren % 50era arte lan egiten dutenek 100 euroko osagarria jasoko dute; % 50etik gorako lanaldiak dituztenek, berriz, 150 euro. Tarte horiek berdin mantenduko dira aipatutako kotizazio-oinarritik beherako soldatak dituzten pertsona guztientzat.

Osagarriaren zenbatekoa finkoa izango da, lanaldiaren arabera, jasotzen den aldi osoan, eta onuradunaren lan-kontratuaren izaera edozein dela ere onartuko da. Aldi baterako erregulazioko espediente-egoeran, langileak ezin izango du, inola ere, jarduneko ordainsaria baino prestazio handiagorik jaso.

Aldi baterako lan-erregulazioko espediente baxuenen osagarria Eusko Jaurlaritzaren esku dago, eta, Artolazabal sailburuak prentsaurrekoan horri buruz galdetu diotenean adierazi duenez, "printzipioz enpresek ez dute ezer jarriko".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;