Gizartea -

KORONABIRUSA

Hildako bat eta hamar positibo gehiago zenbatu dituzte Euskadin azken orduetan

Nafarroan ez da hildakorik izan, baina bost positibo berri zenbatu dituzte PCR proben bidez baieztatuta.

Bilbo. Argazkia: EFE
Bilbo.
Bilbo. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, pertsona bat hil da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.602 hildako zenbatu dituzte jada. Horrez gain, hamar kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan emandako datuen arabera (asteazkeneko 24:00ak arte bildutakoak).

EAEko egoera epidemiologikoa eguneratzeko goizean egindako agerraldian, Euskadin egoera "ona" dela eta lurraldea "normaltasun berria hasteko prest" dagoela esan du Nekane Murga Osasun sailburuak, baina "norbanakoaren eta taldearen babeserako prebentzio neurriekin konpromisoa" eskatu du. "Gure esku dago egoera kontrolpean izatea", azpimarratu du Murgak.

"Zaintza aktiboa eta detekzio goiztiarra dira gure indargune nagusietako bi, eta hala erakutsi dugu", nabarmendu du Murgak, euskal osasun zerbitzu publikoaren arreta txalotuz. "Kontrol ahalmen horri esker, kasu berriak isolatu ahal izan ditugu, baina joera positibo horri eusteko, herritarren laguntza behar da", erantsi du.

Halaber, Txagorritxuko Ospitalean (Gasteiz) eta Basurtuko Ospitalean (Bilbo) atzemandako bi fokuei dagokienez, "egoera guztiz kontrolpean" dagoela jakinarazi du sailburuak. Horren harira, Basurtun beste kasu bat atzeman dute azken orduetan; Txagorritxun, berriz, ez dute positiborik baieztatu. Beraz, egun 44 pertsona daude kutsatuta Basurtun, eta guztira 15 kutsatu dira Txagorritxun.

Hala, joera positibo horrekin jarraitzeko, "herritarrei ardura" eskatu die Murgak: "Normaltasun berri honetan higiene eta babes indibidualeko neurriak funtsezkoak dira. Zenbat eta mugikortasun gehiago izan, orduan eta garrantzitsuagoa da maskarak erabiltzea eta prebentzio neurriak mantentzea. Ez dago neurri horiek betetzea baino ekintza solidario eta arduratsuagorik, ez baitugu ahaztu behar birusarekin bizitzen jarraitzen dugula".

Zure interesekoa izan daitekeelakoan: Normaltasun berrian errespetatu beharreko neurriak

Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,9). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek. Atzo, 0,96koa zen indize hori, eta joan den astean, berriz, 1,88koa.

Horrela, datuek aldaketa nabarmenik gabe jarraitzen dute atzo zabaldutakoekin alderatuta, eta koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 4.377 detekzio-proba egin zituzten atzo: 3.971 PCR eta 406 test serologiko.

Azken orduetan, hamar kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.632 guztira) eta 51 test serologikoen bidez (6.906), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 20.539 kasu baieztatu dira orain arte.

Datuak lurraldez lurralde ikusita, azken orduotan baieztatu dituzten kasu gehienak (zazpi) Bizkaian atzeman dituzte. Hain zuzen ere, Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7.869 guztira); Araban bi kasu baieztatu dituzte azken orduetan (3.321 guztira), eta Gipuzkoan gaitza atzemateko egindako detekzio-probetan positibo eman duen beste kasu bat atzeman dute. Gipuzkoan izan dira orain arte gutxien (2.281 guztira).

Hala, Bizkaian baieztatutako kasuei dagokienez, Barakaldon (bat), Bermeon (bat) eta Bilbon (bost) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten zazpi pertsonak. Araban baieztatutako bi kasuei dagokienez, Gasteizen (bi) atzeman dituzte positibo berriak. Gipuzkoan, berriz, Hondarribian (bat) baieztatu dute kasu berri bakarra.

Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 161 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken egunetan.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 255.084 PCR proba eta 126.403 test azkar egin dizkiete 219.736 pertsonari (askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Bestalde, Osasun Sailak azaldu duenez, azken 24 orduetan hamar pertsonak jaso dute alta ospitalean; guztira 4.256 gaixok jaso dute (% 20,7). Halaber, kasu positibo negatibotuak, hau da, PCR probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak, 39 gehiago dira, 13.486 guztira (% 65,7).

Horren arabera, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruari dagokionez, paziente bat gutxiago artatu behar izan dute atzo zabaldutako datuekin alderatuta. Horrela, egun COVID-19ak erasandako 12 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.

Orain arte, guztira 1.602 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.

Azken orduetan, hiru pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, eta, Osasun Sailaren esanetan, gaur egun 195 pertsona daude ospitaleratuta (gela arruntetan 183 daude, eta ZIUetan 12).

*OHARRA*:

Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzen du, baina ez du ospitaleratuta egon behar.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.

Nafarroan ez da hildakorik izan eta beste bost positibo zenbatu dituzte

Azken orduetan bost positibo berri zenbatu ditu Nafarroako COVID-19aren ondorioz, PCR proben bidez berretsita, hau da, 5.364 dira guztira, eta hildakoen kopurua ez da aldatu, 518.

Ospitaleratuta dauden pazienteekin alderatuta ere ez da aldaketarik izan, 27 pertsona ospitaleko gela arruntetan daude eta 5 zainketa intentsiboetan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

Era berean, Osasun Ministerioak bost positibo eta heriotzarik ez duela zenbatu jakinarazi du, baina kasu honetan hildako kopuru osoa 490 dira.

Osasun Sailak 52 heriotza jakinarazi ditu azken astean

Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, 52 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz azken astean, eta ez du beste heriotzarik gehitu atzotik; beraz, guztira 27.136 dira, eta datu hori izoztuta dago hainbat astez, erkidegoek heriotza data noiz eguneratu zain.

52 hildakoetatik bat Andaluzian izan da, bat Aragoin, bat Asturiasen, bi Gaztela-Mantxan, 13 Gaztela eta Leonen, hiru Katalunian, hiru Valentzian, 25 Madrilen eta hiru Euskadin.

Bestalde, 143 positibo berri atzeman dituzte, asteazken honetan jakinarazitakoak baino bi gehiago, pandemia hasi zenetik 245.268 kutsatu baitira. Azken 14 egunetan, gaixotasunaren sintomak hasi dituzten 701 pertsona zenbatu dituzte, 143 azken astean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa